Ezer gutxi dut ahoa irekitzerik, ezer gutxi egin dudalako gaurdaino lurretik, baserritik, merkatutik… Hartu beraz hitzak bere horretan, ideia batzuk besterik ez, pentsatzeko, ni neu pentsarazten nauten gisan.
Liluratu egiten naute istorioek, ahozkoek, norbere oroitzapen kutxara begirada bat eta behinola hasten diren horietakoak, «behinola inguruko baserrietatik kalera etortzen ziren asto gainean…» distantziak asto gainean, ez baitira distantziak, ez behintzat egun ditugunak, ezta denbora bera ere.
Eta ba omen dira bi merkatu mota (azalpenerako deliberatuki sinplifikatuz): bata Merkatua hizki larri eta singularrean idatzia dena –ez kasualitatez–, irabaziak asko eta ardura/erantzukizun gabeko salerosketen logikan, bizitza bera erasotuz; besteak merkatuak hizki xehez eta pluralean –ez kasualitatez hau ere– bestelako logikez ere jarduten dena.
merkatuak. Usainak, kolore, ehundura eta zaporeak. Zer dira bada, ez badira bizitza bera? Hain hurbil izaten dugun bizitza. Lurraren bizitza –zikloak–, gurea eta guretik haragokoa(k) ere, so egin lurrak zer ematen ahal duen/digun horri, zimurtutako eskuen bizitza, nekea, eta bizirauteko behar dugun horren sorrera.
Hain hurbil eta gure denbora fabrikatua ulertzeko moduarekin betean talka egiten duen hori. Merkatua, bat eta bakarra, hizki larriz. Inkontzienteki gurekin daramagun –gu egiten gaituen– zentzu komuna, munduan egon eta pentsatzeko modua. Norbere ego puztuak, mugagabetasun absolutuaren ameskeria, erantzukizunik eza, gizakia asegabeko animalia jainkotiar sentsazioa elikatzen duen zentzu komuna, kapitalismoa. Mendebaldeko –gu– gehiegizko bizi kalitate hau posible egiteko besteen txirotze eta zapalkuntza, ustiaketa masiboa, goseteak eta gerrak, milaka kilometro egiten dituzten janari makilatu eta plastifikatuak. Denbora prefabrikatuak.
Merkatua ala bizitza?
merkatuak. Usainak, kolore, ehundura eta zaporeak. Badu ere zentzu komun honekiko berehalako eragin deseraikitzaile bat –eskerrak–. Norbere larru azalean sentitzen den horietakoa. Talkan jartzen da bat askatasunaren ideia faltsuarekin, nahi dudanean, nahi dudana, nahi dudan beste… Errealitate dosia. Gaindosi ederra. Mugatasuna, gorputza, lurra… bidezkoa denaren mugatasuna. Bizitzak jartzen ditu zentroan. Lurrarena. Eta gurea, zer behar dugu bada bizitzeko, bizitza berriro sortu eta zaintzeko, bizitza erreproduzitzeko –izendatuko dute egungo teoria gehienek–. Ogi kontuak, dio esaerak. Entzun diezaiogun eta begiratu gehiago, gureari, merkatuei, hurbil ditugun horiei, jakintza ezkutua baitaramate askotan beraiekin, zimur artean, forma eta zaporeetan, denboretan eta eskaintzen dizkiguten elikagarrietan.
Mugak. Bizi garen mundu honen muga errealak. Dena ez da posible –amestua ez bada–. Dena ez da zilegi. Ez behintzat biziraun nahi badugu, eta besteekiko erantzukizuna badugu.