Hautsi da kristalezko anphora
Gernikako haritz sakratuaren oholez egindako apal txukunean izan dugu euskal arbasoen esentzien gordailu ei zen kristalezko anphora. Harro erakusten genion mundu osoari: begira, hauxe gara gu, modernoetan modernoenak, planeta osoaren eredu, badugu herri txiki guztien enbidia den autonomi anphorestatuto zoragarria.
Berrogeialdi baten hala erakutsi nahi izan digute, hala sinestarazi egin nahi izan digute egunero gure etxe eta baserrietan sartzen den txoritsuaren kantu errepikakorraz: estatutok, estatutok, estatutok… Ai, ze txori ederra gure txantxangorria, zeinek egunero txantxaz hartzen gintuen eta inoiz ez den gorria izan.
Hautsi da gure Muranoko kristalezko anphora. Munduan halakorik ez zegoen. Edonoren enbidia, baina bere bultzatzaileek beraiek ere ez dute Saharar herriarentzat ontzat eman. Sahararentzat autonomi estatutoa bedeinkatu du Madrilgo gobernu presidenteak eta hara non eta guretzat hori ezin hobetzat jo zutenek ez dute Saharan nahi.
Hautsi da bai, hautsi, benetan. Zoragarri zena, gure erabakiak hartzea baimentzen zuen tresnak, derrepentean ez du askorako balio. Karramarroak bezala, atzeraka doa diskurtso osoa, orain arrautza den txantxangorria udaberriari begira dagoen bitartean. «Gu biolentzi guzti-guztien kontra gaude» zioten berberek orain Ukrainara armak bidali nahi dituzte, ez beraiek, gure anphorak eskumenik ez duelako, jakina.
Petroleo eta argin-indarren igoeren aurrean ere gure anphorak ez omen du eskumenik, Madridi galde gabiltza. Eta hain eskualdunak ziren Petronor (ezta, Josu Jon) eta Iberdrola sakelak lehertzear, «beraien herria» lagundu beharrean. Eta Euzkadi nuklearrik ez genuela nahi aurpegiratzen digute gainera.
Hain zoragarria gure kristalezko anphora non oraintxu hezkuntza legea sartu duten bertan. Berrogeitahiru urte eta gero, hezkuntza legearen oinarrietako bat euskal eskola «euskalduna» lortzea da.
Hautsi da kristalezko anphora eta susmoa dut bere kristal zatiekin zauriak izango ditugunak betikoak izango garela. Eta maite ditugunak oraindik urrun edota giltzapean, anphora azpi-azpian. Eskerrak udaberria heldu den kontsolagarri.