Gorputzak
Egunotan Sarratea alkarteak antolatuta, Bernedon egiten diran udalekuek hautsak harrotu ditue eta zeresan ugari emoten dabilz. Segurutik danok irakurri edo entzungo zenduezan udaleku horren gainekoak: dutxa mistoak, askariaren truke begiraleari behatza miazkatu beharra, adinez txikikoen aurrean biluzik edo erdi-biluzik ei ebilzan helduak…
Hor dagoz familien salaketak eta epailearen aurrean deklarauko daben gazteak, hor dagoz kontu honen inguruan sortutako informazino, zarata, zalaparta eta asko kontrastau bako barri nahasgarri guztiak, hor dagoz udalekuen antolatzaileen burua eskatzen dabenak, alde batean eta euren errubakotasuna danaren gainetik defendiduten dabenak, bestean.
Kontu korapilotsu eta labankorra, zarata larregiz inguratuta, inork ezer garbi eukiteko, nahiz eta asko ibili eretxia emoten. Ez naz ni inor epaitzen hasiko, bateriko eta besteriko protagonisten lekukotzek, denporeak eta justiziak dana argitu eta bakotxa bere lekuan ipiniko dabelakoan. Hori bai, kontu batek atentzinoa deitu deust: gaur egun be ondino gorputz biluziei deutsiegun ikarak hain zuzen be.
Udaleku honen gainekoak agertzen hasi ziranean, batez be dutxa mistoen kontuak urten eban, neska eta mutilak biluzik alkarregaz dutxau beharrak, eskandalutzat jota. Normalduz joan beharko genduken jokabidea segurutik, baina ulertzen dot nerabezaroan sartzen dagozan gaztetxoentzat gogorra izatea, udalekuetako baldintza edo arau horren barririk aurretiz euki ez badabe (ez dakit kasu honetan holan izan dan), eta batez be txikiagotatik horretarako heziketa egokia jaso ez badabe.
Egunotan ikusitakoak ikusita eta entzundakoak entzunda, bigarren baldintza honetan ondino be egiteko asko daukagulakoan nago, gorputz biluzien normalizazinorako bidea luzea izango dalakoan.
Gure gorputzetan «debekatutako atalak» daukaguzala sakon ikasi dogu, eta ondo barruan sartuta daukagu: alua, zakila, titiak, ipurdia… Kasurik gehienetan inoren aurrean erakusteak lotsa emoten deuskuenak eta naturaltasunez izendatu eta autuan erabili ezin ditugunak, sexualizatu barik. Geure gorputzeko zatiak dira, sudurra, behatzak, belaunak edota belarriak diran legez, baina kosta egiten jaku gainerakoen normaltasunez tratatzea.
Normalizazinora joteko erabagia hartu ezean, holan jarraituko dogu aurrerantzean be, tabu, lotsa eta bildurrez gainezka, gai honi bueltea emon ezinik. Biluztasunak ikaratu egiten gaitu, akaso, gorputza baino gehiago izten dogulako agirian.