Goliat asko, Dabid bakarra
1996.urtea izango zen elkar ezagutu genuenean. Hori Bai Larrabetzuko gaztetxean izan zelakoan nago, Bizkargi mendiko gazte topagunea antolatzeko lehen bileran. Jarrai gazte antolakundekoak ginen.
Eztabaidatzen elkar ezagutu genuen, ez ginelako ados. Geroztik, eztabaida batzuk izan ditugu, ejem…. Esango nuke baita ados ginenean ere eztabaidatu dugula, Dabid… nor baino nor, berea, ustez, hoberena zelakoan.
A zelako ostikada izan zen asteleheneko telefono deia. Bilera batetik bestera nioan, presaka, berandu… Eta dei galdu eta mezu amaiezinak erantzuten hasi nintzenean sinistu ezinik nenbilen gailuaren beste aldeko ahotsak esaten zidana… 50 urte. Ni baino bi gehiago. Garaikideak. Kideak. Lagunak.
Azken kartzelalditik irteterakoan, Gernika-Lumo hartu nuen bizitoki; zure herria. Eta a ze aldea sumatzen zen kolorean, bizipenetan… ASTRA, kultura eta fabrika, sormena eta espazioa, memoria eta etorkizuna etengabe igortzen. Rockeroen eszena azken bardoarekin, arranoak bere etxea bizirik mantentzen, legea aldatzen ez badute ere…
Martzianoekin futbitoan aritutakoak, jo ta fuego gure adin, kilo soberakin, eta lesioekin… Frontoia, instiko kantxa, polikoa, Urbietako futbol 7a, gure Bombonera propioak bailitzan… gorriak baltzan kontra. Zu beti baltz (rojinegro esango nuke), ni beti gorri; fidel, por supuesto, bakoitza bere koloreei. Hori bai, Harizpe elkarteko zure bazkariek denak monokromatiko bihurtzen gintuzten. Krematxue, arraina laban, un buen vinito…
Janari garrantzia eman diozu, zinez. Zer jan, hura izan leloari zintzo. Ez dut uste omenaldi ederragorik okurritzen zaigunik, Dabid: gure umeak, egunero, herriko eskolan, bertako produktuak, bertan prestatuak, jaten egotea baino. Eguneroko omenaldia da, lagun. Eta hori, zeu modukoei esker baino ez da posible izango.
Baserritik Gernikara otzara ekarri diguzu ostiralero etxera, pandemiaz geroztik, Busturialdeko baserritarren osagaiekin. «Aste honetan piper nahikorik eztauz, eta konfidantzazkoak zarienez, dozena bakarrik jarritzuet, baie e! nire ortuko tomatetxu pare hau sartu dotzuet konpensetako»… Dabitx deitu izan zaitu gure etxeko txikerrak, beti; gaur etxean azkenekoz esan du: «Dabitx, baserritik gernikara-koa hil da». Bai; Dabitx hil da, bai.
Azkeneko urteetan Ipes elkartearen iruditegia landu duzu. «Ze kartel guapoa» esan izan didate Memoria elkarrizketa bakoitzeko partaideak erakusterakoan, edo Urdaibai eztabaidagai dagoen honetan, gure begirada propioa eskaini gura izan diogunean gogoetari. Azkena, orain aste bat aurkeztu dugun La maleta de Urdaibai liburuaren kartela izan da; eta, paradoxikoki, hemendik aurrerako gure aurkezpen txartela bihurtuko zara, beste behin ere. Zenbat gauza gorde ditzakeen maleta horrek Urdaibain, zu bezalakoekin.
Etxekoak, koadrillakoak; herrigintzako ekinbide guztietako bidaideak. Porrotxek aipatzen duen «nebarre egin» egingo dugu, behin baino gehiagotan, negarra eta barrea aldi berean egiterakoan. Negarra zure falta sumatuko dugunean, eta barrea zurekin igarotako une guztiak oroitzerakoan.
Hor duzu etxeko-lan berria, Dabid. Nebarre egin kontzeptuari irudia, leloa, imajinarioa eta kanpaina osoa egiozu. Ziur naiz ona izango dela, baina otoi, ez atera aurrekontutik… bale? Ezagutzen dugula elkar… eta eztabaidak, adin honekin, merezi duenean; ados garenean… zerua baino ez gure buruen gainean.
Agur, Dabid. Hemendik aurrerako Goliat-ak, gure kontu.