Astran bildu gara hirurogei bat lagun gaurkoan, egun hartatik urte bete pasa den otsailaren 28 honetan. ´Egun hartatik´ diodanean zure kartzelaratzeari buruz ari naiz, noski. Nabarniztar batzuk, gernikarrak beste asko, eskualdeko eragile eta elkarte askotako kideak. Oihana ere han zegoen. Zure Oihana, alde batetik, eta Oihana Cabello kazetaria, bestetik. Ramon Zallo doktorea ere bai. Ibon Meñika aurkezle. Baina ez dut prentsarik ikusi. Behar bada bazegoen HITZA-ko lagunen bat eta despistatu naiz, izan liteke.
´Gezur handiko armak´. Hala deskribatu du gertatzen ari dena gaurko solasaldian zure unibertsitateko kide batek. ´Gertatzen ari dena diodanean´ zure kartzelaratzeari buruz ari naiz, noski. Baina baita geroko isiltasunaz ere, geroko ezerezaz.
Esaldi hori izan da libretatxoan hartu dudan lehenengo oharra. Baina gero geldiezina izan da jarioa: laranjadun gizonak NATO lur eremu guztia gerran dagoela esan du, eta ondorioz, Espainia, Frantzia, Euskal Herria bera ere, gerran gaudela. Gatazka garaietan propaganda aktibatu ohi dute boteretsuek. Zu atxilotu omen zaituzte beste kazetariak beldurtzeko, lezio antzeko bat emateko. Nicolás de Pedro aipatu du. Nor zen hori? Jordi Évolek elkarrizketatu zuela behin gogoratu dut. Espioitzari buruzko zerbait. Asier Blas Geopolitikako Zuzendaria ere -zure kidea- autuan izan du. Bera ere, zu bezala, errusiarren aldeko kazetarien zerrendan omen dago. Eta Freyfuss. Nor edo zer da Freyfus? Buruak eztanda egiteko gutxi falta zaidala konturatu naiz.
Zure laguna interbentzio laburra egin nahi zuela esanez hasi da hizketan baina, ikusten duzunez, hamaikatxo titular eman dizkigu azkenerako.
Aretoko espontaneoak esan bezala, gezur handien poker gaua bizi dugu, batzuentzat pribilegioa eta axolagabekeria dakartzana, hegemonien sendotzea eta ordena bidegabeen betikotzea. Badakigu joko hori ahulenen eta beharrizan handiena dutenen miseriaz hornitzen dela. Errefuxiatuak, sorterritik ihes egiten dutenak, preso politikoak, egiaren eta ohorearen prezioa ezagutzen dutenak, ez daude festa horretan, baizik eta, halabeharrez, haren dendaostean kokatu ditugu. Dendaostea badela jakitun gara baina, mutur aurrean ikusi ezean, jarrai beza jolgorioak.
Miseriak, aldiz, etxekonea harrapatu digu oraingoan. Eskualdeko kazetari bat kartzelan. Hiru semeren aita. Errusia eta Ukraniaren arteko gudari buruz Elantxobeko hitzaldia eman behar lukeen politologoa Poloniako ziega batean. Bertokoa -eta hangoa- den euskaldun bat errusiarren aldeko espioia dela esan eta urte betez kartzelan.
Mikel Ayestaran, Xabier Colás eta beste hainbat kiderekin atxiloketa aurreko egunetan elkar trukatu zenituen txioak berriz irakurri ditut gaur. Ez dizut espioi baten tankerarik hartu, barkatu atrebentzia. Hala izanda ere, zein da zigor gehigarri hauen justifikazioa? Zein da desinformazio honen helburua?
Pasaporte bi dauzkazu eta hori zantzu adierazgarria omen da. Delitugile izatearena. Gerra delitugilea izatearena, hala jaina. Oihanak azaldu du zein den horren zergatia: aiton amonak Espainiako Gerra Zibil garaian Errusiara erbesteratu izana. Paradoxikoa iruditu zait eta neure terrenora ekarri ditut ondorengo gogoetak.
Pasaporte bakar bat ere ez duenik ezagutzen dugu Euskal Herrian, gure herrian. Muxikako adintxikien zentroan. Bidasoan. Zer esanik ez Mediterraneoan; ia 100 lagun hil dira atzo ta gaur bitartean.
Egiaren eskutik datorrenak, dendaostean jaio ta bizi denak, boteretsuen poker festa zapuztu baino ez du egiten. Erakunde handikoteen festa, NATOren, Putinen eta arma saltzaileen festa. Gezur handien armak erabiltzen dituzte partidak jarrai dezala ziurtatzeko: segundo batzuetan, hitz xumetan, daturik ez -ta irudi askotan- jasotzen ditugun gezurrak. Gezur komodoak.
´Segundo txikien oholtza´ gehitu beharko genioke gaurko solasaldiko interbentzioari aktualitatea hobeki deskribatzeko. Ahaztuen ahotsik ez da ageri. Egiak edo ´beste egiak´ ez dira iristen. Pasaporte gabekoen inguruko notiziak, izen abizen eta nortasun gabekoen heriotzei buruzkoak.
Orain, espioi, zera esatera behartzen nauzu: pasaporte bi dituztenen notiziak ere ez direla iristen. Zu ahaztu zaituenak badaki ondo zein den pokerreko jokaldi borobila: komeni denean kartak mahai gaineratu ta, irabazteko bermerik ez dagoenean, ezkutatu.
Errefuxiatu eta erbesteratua izatea zer den badakigu euskaldunok, zure nortasun bikoitzaren arrazoia ezagutzea besterik ez dago. Horregatik, baina baita elkartasun eta justizia hutsagatik, Busturialdeko Ongi etorri Errefuxiatuak elkartetik, gure ahaztuen artean, pertsona migratzaile eta errefuxiatuen ondoan alegia, zu ere gogoan zaitugula esate baino ez Pavel.
Denon artean lortuko dugulakoan #FreePabloGonzalez.