GERO ARTE ETA ESKERRIK ASKO
Eskerrik beroena bihotz-bihotzez.
Hitza egunkariari eskerrak eman nahi dizkiot, bi urte hauetan, hilabetero nire burutapenak zutabeetan islatzeko aukera eman didalako. Egia da beti azken uneko presan ibili naizela, paper zuriari begira eta burua ideiez beteta, baina bihotzez, gustura hartu dut lan hau. Zer pentsa eman eta hobetzen lagundu didan bidaia izan da. Mila esker irakurri nauzuen guztiei, eta, batez ere, kalean hitz bat edo iruzkin bat eskaini didazuenoi. Zuek zarete zutabe hauen benetako oinarria. Batzuek jakingo duzue azken hilabete hauetan beste amets bati heldu diodala, KATANA izeneko bakarrizketari. Alegia, bakar- bakarrik oholtza gainean umorea egiten aritzeari. Aspaldi batean buruan izan dudan horri forma eman, pentsatu, idatzi, dena batu eta aurrera! Orain ala inoiz ez pentsatuta, horrela ekin diot nire bizitzako proiektu potenteetakoenari.
Azaroan estreinatu nuen KATANA, eta jaso dudan harrera sinestezina izaten ari da. Deskribatzeko zaila. Eskerrik asko Euskal Herri osoari, baina bereziki, nire herriari, Lekittori. Otsailaren 28rako sarrerak salgai jarri eta ordu gutxitan dena agortu zenuten… Eta hori gutxi balitz, martxoaren 14rako jarritako bigarren emanaldiaren sarrerak ere, 2-3 egunetan agortu zenituzten… Horrek hunkitu eta harrotu egin nau. Ez daukat hitzik. Herriak asko babesten nauela sentitzen dut, oso maitatuta sentitzen naiz. Ederra da benetan.
Ez dago etxean sentitzen den berotasunaren parekorik, eta zuek eman didazuen indarrak eta ilusioak aurrerantz gogotsu jarraitzeko gogoak ematen dizkidate. Jakin dut herri ederrean bizi naizela, baina Lekittoko jendearen bihotzaren handitasuna oraindik eta handiagoa dela erakutsi didazue.
Nik ere onena eman nahi dizuet. Otsailean eta martxoan, hortxe ikusiko gara, Ikusgarri zineman. Eskerrik asko bihotzez, eta zuek emandako babesari esker jarraituko dut aurrera, indarrez eta pasioz.
Mila esker Lekitto eta mila esker Hitza, bi urte zoragarri hauengatik! Oholtzetan ikusiko gara! Eskerrik asko, eta laster arte! Maitte-maitte!