Gernika 2023
Maiatzaren 26a eta gero ekingo diote lau urteko ibilbideari. Programetan, era zehaztugabean, iragarritako asmoak praktikan jartzen hasiko dira. Industria sustatu, tokiko ekonomia garatu, kaleen egoera hobetu, aparkalekuak areagotu, gizarte ongizatea bermatu, auzoekin elkarlana indartu... Promes egindakoa erdietsi edo ez, herriak aurrera jarraituko du.
Ez datoz Ekialde Hurbiletik, eta ez dakarte poltsa bete opari. Kanpainan zehar gauza pila egingo direla aurreratzen dute, eta horren arabera, edo ez, herriak aukeratzen ditu. Lan mardula betetzen dute. Gehienok nahiko ez genukena. Bat edo beste egin, beti daude herriaren ahotan. Kritikapean. Nahiz eta behar luketena lortu ez, ahal duten guztia egiten dutela pentsatu nahi dut. Herriaren esanetara daudelako eta zin hori egiten dutelako.
Maiatzaren 26a eta gero ekingo diote lau urteko ibilbideari. Programetan, era zehaztugabean, iragarritako asmoak praktikan jartzen hasiko dira. Industria sustatu, tokiko ekonomia garatu, kaleen egoera hobetu, aparkalekuak areagotu, gizarte ongizatea bermatu, auzoekin elkarlana indartu… Promes egindakoa erdietsi edo ez, herriak aurrera jarraituko du. Halere, tamalez, lau urte horretan egin ahalko zen guztia ez betetzeak gure kontra egingo du. Guztiz hustu ez izanak behar genezakeen martxa moteltzen baitu. Horrela, denbora tarte preziatu bat galtzen dugularik.
Egia esan, herria bagara, batzuen zein besteen programen gainetik izan behar liratekeen ideia jakin batzuk badira. Gauza konkretuagoak. Eratuko den udalaren ahalmenekin burutu ahal diren batzuk. Aginte makila izango duten horien bultzadaren bitartez bideratu daitezkeen beste asko. Nire ustez, multzo horren barne dauden baten batzuk azaltzen ahalegindu nahiz azken urteetako idatzietan. Gaurko honetan, biziki sentitzen dudan herri honen biztanleen alde egin dezaketen horiek biltzeko asmoa dut.
Gizarte etxeen plana: Auzoak suspertzeko bidea da. Bizikidetza errotzeko era. Herriko eremu ezberdinak alaitzeko aukera. Lurgorrin, Pasilekuan, Errenterin edo Astran, Gasteiz hiriak duen gizarte etxeen eredua ezarri behar da. Kopiatu eta itsatsi. Punto.
Herriko kirol eraikin ezberdinen kudeaketa plana. Herri kiroldegia edo Urbieta futbol zelaia gainezka dauden bitartean, Jai Alai frontoia edo Malosteko kiroldegia utzik dira urteko une askotan. San Fidel ikastolak, aurrez aurre duen frontoia hainbat ekintzetarako erabiltzea ez da posible? Mertzede ikastetxeak aldamenean duen kiroldegia erabiltzeko aukera ez al da egokia? Allende Salazar herri eskola publikoak, Seber Altube ikastolak edo Mestikabasotik hara zabaltzen den herriak ez al du neurrira egindako kiroldegi berri baten beharrik?
Eskola kirol zein ekintzen plan bateratua. Aurreko puntuari lotuta, eskola kirol zein beste ekintzen eta herriko klub edo elkarte ezberdinen harteko lan egiteko era akordatu bat martxan jartzea ezinbestekoa da. Zertarako? Eskola giroa berreskuratzeko. Eskolan egin ahal dena, eskola bertan egiteko. Eskolak indartzeko. Eta horrela, nerabe garenean garatu behar diren balore garrantzitsu horiek sendotzeko (partaidetza, berdintasuna, ahalegina, alaitasuna eta abar). Profesional mailak eskatzen duen dedikazioari, adin jakin baterarte, mugak jarriz.
Eskola jantoki jasangarrien sarea. Bertokoa, sasoikoaren alde egitea, herria eraikitzea da. Bide berriak urratu ditugu. Natura erreserba paregabe batean bizi gara. Osasuntsu bizitzeko ideia hau, etorkizuna eraikiko dutenengan errotzeko garaia da. Gaur da herri erakundeek aurpegia emateko momentua.
Merkatuko plaza berria. Jan, saldu eta bizi. Eskola jantokien asmo bateratu honen ardatza Euskal Herri mailan erreferente den Gernikako merkatuan izan behar du. Gaur egun dagoen merkatu ideia desfasatua eraldatzeko ordua iritsi da.
Urdaibaiko mugikortasun plana. Naturaren alde egiten duen eremuan bizitzeko aukera hartu badugu, ingurugiroaren alde egitea ezinbestekoa dela ulertzen da. Aukeran dugun eremu eder honen etorkizuna bermatzeko, poluzioaren erantzule garrantzitsuenetarikoa den honi heldu behar zaio. Bermio-Bilbo trenbidearen bide biko trena gauzatu; Gernikako elkartegira, Zamudio bezalako elkartegietan ematen den auto eta jende pilaketa zentzugabea saihesteko, etorkizun berdeago baten alde egiten duten enpresak edo enpresen atalak deslokalizatu; herrien arteko bidegorri sarea sortu; auto elektrikoen aldeko herri zergak gutxitu.
Urdaibaiko kultur agenda bateratua. 45.000 biztanle eta 20 herri garen honetan (Basauri bat biztanle kopurutan), ez al dauka logikarik kultur agenda komun baten beharra mahaigaineratzeak? Asko eskertuko zuten herri txikiek, eta baita gutariko batzuk.
Herri eskola publiko berri baten beharra bultzatu. Itogin, espazio, erabilerraztasun eta beste arazo batzuk dituen herri eskola dugula onartu, Hezkuntza Sailari azaldu, eta hurrengo 50 urteetarako izan behar lukeen eskola eraikin berri baten eraikuntza bultzatu. Hezkuntza indartu. Etorkizuna sortu.