Galbahetik
Asko estimatzen dudan lagun baten bitartez hasi nintzen egunkari honetan iritzi artikulugintzan. Adin berekoak izan ez arren, partekatutako zirkuluek eta maiztasunak elikatu zuten gure lagunartekotasuna. Geroztik, elkarrizketa dexente jorratu ditugu, baita gozatu ere: bizimodua, euskalgintza, musika gomendioak…
Gogoan daukat proposamena luzatu zidan eguna. 2022ko otsailaren 17a. Arratsalde hits eta euritsu bateko 19:07ak. Zer kontatu baneukala eta fitxaketa ona izan nintekeela nabaritu zidan nonbait, antza. Ordura artean nik idazten nion, behin bere idatziak irakurrita. Barrenak ausardiaz bete eta halaxe ematen nion iritzi baten gaineko iritzia, testuaren onak eta txarrak zerrendatu baino, babes puntu bat azaltzeko helburuarekin. Askotan, idatzitakoa nork irakurriko duen izaten da gure kezka, zer eta nola idatzi baino gehiago. Hala, ederra da jakitea egon badagoela norbere lumaren tinta tantetatik ateratzen direnak irakurtzen dituen taldetxo fidel bat.
Ardura eta erantzukizunez onartu nuen lana. Horrek burua estutu, ideiak bilatu, hauek zerrendatu eta sailkatzea dakar, noski. Hitz bakoitza iragaziz, ahalik eta produktu mamitsuena eskaintzea da xedea eta, horrez gain, norbaiti hausnarketarako senda ematen badio, gaitz erdi.
Onartzen dut harrituta sentitu ohi naizela kalean zein lagunartean, norbaitek nire idatzien inguruko iruzkinen bat egiten didanean. Gehienak onak dira, denak ez esatearren. Batzuek beraien iritzia emango dute eta besteek, aldiz, nik entzun nahi dudana esan. Hala ere, denak dira ongi etorriak. Bikaintasuna lortzea ezinezkoa dela jakinik, ahalik eta gehien hurbiltzea da kontua. Horretarako estutzen, saiatzen eta husten gara, beste norbait betetzekotan.
Balio beza zutabe honek nire esker ona adierazteko. Ederra da hor zaudetela sentitzea. Busturitik hasi eta Arteagaraino, Gernikatik pasata. Gertukoenen kritika zorrotzak eta inguruko ezagunen loreak. Gure auzoko beteranoaren «honetako be balixo dozu, txo!» eta behinola bertsokide batek abestutako «lan askoko pertsona, pobrea seguru!». Artia-Artiako animoak eta Kerixeneko egunkari errekorteak. Denak ala denak urte askotarako bitez.
Asko dago hobetzeko, zirriborro asko ezabatzeko eta bola bat eginda zakarrontzian saskiratzeko. Hala ere, pozarren dihardut honetan. Hasieran ezezkoa zen arren, hasia naiz zer kontatu badaukadala sentitzen, apurka bada ere. Nigan sinesteagatik, eskerrik asko.