Funtzio publikoa eta bere mesedetan ez dabiltzanak
“Quando há um setor público que funciona, nem um único euro para o setor privado». Hauxe da Portugaleko Bloco da Esquerdaren goiburu nagusienetarikoa 2015ko hauteskundeetan. Gero, Blocok Partidu Sozialistarekin sinatu zuen gobernatzeko ituna, zeinaren emaitzak ez dira eskasak izan.
Gurean, esan genezake alderantzizkoa gertatzen dela, eta gobernukideek eta bere ardurapean dauden medioek sektore pribatuaren alde egiten dutela, lotsarik gabe. EITBk, erakunde publiko batek, mespretxu handia erakusten die beste erakunde publikoei. Badirudi hauetan ez dagoela pertsona presturik edozein gai aurrean iritzia emateko; ez sektore pribatuan beste behinik behin. Medikamentu edo diagnostiko-bide berri bat agertzen denean, ETBk klinika eta mediku pribatuei ematen die protagonismoa. Eta hezkuntzan egoera berritzaile batera egokitu behar denean, ikastetxe pribatu eta kontzertatuak eta hango zuzendari edo irakasleak agertu ohi dira ETBn. Gauza bera jazotzen da adindunen erresidentziekin.
Pentsa genezake, beraz, bere seme-alabak Eskola Publikora eramaten dituztenen edo bere osasuna alor publikoan laga dutenen artean zalantzak sor daitezkeela.
Sinatzen dugunok kontrakoan gaude: publikoan dihardutenek funtzionamendu hobea daukatelakoan gaude, oro har, pribatuan egiten dutenek baino. Baina gure usteak, zuzena izan ala ez, berdin dio ze: edozein esparruko Gobernu eta alderdi politikoen izaeran dago publikotasuna sustatu beharra, erakunde publikoak hobetu etengabe egokiak eta onenak izatea lortu arte. Edo beharko luke.
Emaitzek (PISA txostena) argi eta garbi utzi dute portugaldarren jarreraren arrakasta. Azpimarra dezagun Portugalen umeen %83 eskola publikora doala. Osasun Publikoaren aldeko posturak ere emaitza onak lortu ditu pronostikoz kontra Aljubarrotan irabaziz Gaztelatik independentzia lortu zuen lurrean.
Ez da kontu erraza izango gauza publikoa aurre-aurrean ipintzea, aspaldidanik ahultzen hasia dagoelako: begira, bestela, Osakidetza. Badira mila motibo ezkorrak izateko, baina egoerari aurre egiteko ez da geratzen sektore publikoa defendatu baino, bestela ez zaigulako ezer geratuko.
Bada ETBko kateak ohikoak ez diren kateen artera baztertzea erabaki duen jendea. Espero dezagun euskal ezkerreko alderdiek sektore publikoa bere osotasunean defendatuko duen aldarrikapena ipiniko dutela mahai gainean, ze, bestela, kontutan hartu beharko lukete jende askoren ohiko aukera zerri-askan geratuko dela alperrik galduta.
Sinatzaileak:
- Txabi Txakartegi Etxebarria (Osasun Publikoko Pediatra erretiratua).
- Nahia Idoiaga Mondragon (UPV/EHU-ko Bilboko Hezkuntza Fakultateko Irakaslea).
- Josune Olabarria Sarasketa (Bibliotekari erretiratua).
- Arantza Fernandez de Garaialde (Haur Hezkuntzako irakasle erretiratua eta Bilboko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformako kidea).
- Marisol Madrigal Hormaetxea (Osasun Publikoko Erizaina). Ainara Jimenez Carnicero (Lehen Hezkuntzako irakaslea Hezkuntza Publikoan eta Bilboko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformako kidea).
- Iziar San Martin Argandoña (Menpeko senide baten zaintzailea).
- Diana Melon (Haur Hezkuntzako irakaslea Hezkuntza Publikoan eta Bilboko Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformako kidea).
- Esther Olarreta Musatadi (Osasun Publikoko idazkaria).
- Naroa Gaintza Jauregi (Lehen Hezkuntzako irakaslea Hezkuntza Publikoan).
- Izaskun Mendizabal Zulueta (Bigarren Hezkuntzako irakaslea Hezkuntza Publikoan).
- Aitor Arrizabalaga Txurruka (Bigarren Hezkuntzako irakaslea Hezkuntza Publikoan).
- Amaia Zugazabeitia Irazabal (Osasun Publikoko Pediatra eta Pediatriako irakaslea EHUko Medikuntza Fakultatean).