Euskal Herriko mugimendu feministak urteak daramatza zaintza ereduaren gaineko hausnarketan, beraz, ez da kasualitatea aurtengo Martxoaren 8an zaintza sistema irauli beharraz aritu izana. Denon bizitzak erdigunean goiburua izan zen nagusi hiri zein herrietako mobilizazioetan; eta zaintzarako eskubidea aldarrikatu zen han eta hemen.
Izan ere, zaintza zapalkuntza da. Historikoki emakumeen gain egon da familiaren zaintzaren ardura. Gaur egun, oro har, emakumeak dira zahar etxeetan lan egiten dutenak, eta ia beti, emakume migranteak etxeak, ospitaleak, komisaldegiak eta bulegoak garbitzen dituztenak. Beraiek dira etxeko zaharrenak zaintzen dituztenak. Eta lan guzti hauek baliorik ez dutenez, etengabe produzitu behar duen gizarte kapitalista honetan, etxeko langile eta migratutako zaintzaile askok ez dute ez soldata duinik, ezta legezko lan-kontraturik.
Zaintza inoiz ez da lan gisa aitortu, are gutxiago lan asalariatu gisa; eta gaur egun, zaintza lanak desberdintasunaren oinarria dira emakume langileentzat. Gure mendebalde zuri eta europar honetan, zaintza lanen merkantilizazio eta pribatizazio prozesu bat eman da, sektorearen prekarietatea indartuz. Eta guzti hori posible egiten dute hemengo gobernuen politika neoliberalek.
Hortaz, egitura heteropatriarkal eta kolonialean oinarritzen den sistema batean bizi gara. Emakume migranteek urteak daramatzate arrazismo instituzionala salatzen eta atzerritartasun legeak sortzen dizkien ezintasunak mahai gainean jartzen. Eta bien bitartean, Martxoaren 8an, politikari eta erakundeek kontsigna feministaz betetzen dituzte beraien eraikinak, morez janzten dira eta aldarri feministak beraien diskurtsoetan txertatzen dituzte. Purplewashing kanpaina egiteko aukera ezin hobea dute.
Propaganda politiko guzti horrek feminismoari kalte besterik ez dio egiten eta feminismo zuri eta burgesa indartzen du. Instituzioetan dauden horientzat feminismoa deserosoa izan behar da.
Deserosoa izan behar da guretzako ere bai. Martxoaren 8an, nire herriko plazan gehienok zuriak ginen, agian horregatik, erosoegi sentitzen nintzen. Nire emakume zuri pribilegioak oharkabean gelditu ziren nire barruan.