Ezagun dot jentea
Ezagun dot jentea egunero-egunero bere bizitzeari edertasun gradu bat gehitzen saiatzen zana, arpegian bilaketa horren ilusinoa nabari jakona. Ez ziran konformetan egunen normaltasun astunak sarritan dakarren emozino ezagaz; ez eben maite kontrolpean dagoan bizitzeari darion egunerokotasun monotonoa, ezustekorik bakoa. Kezkak eukiezan: musikea entzuteko, autore derrigorrezkoak irakurteko, beti zeozer barria ikasteko, euren iruditegi bitalak osotzeko, margolanak ulertzeko, herrigintzea egunean-egunean lantzeko, antzerkira joateko, aportetako, marearen kontra kementsu bultzatzeko, konfidenteakaz ibilaldi kuttunak egiteko. Hartu eben bizimoldearen estutasunetik, euren ikuspuntuak sutsuki zabaltzen saiatzen ziran. Agian, gazteegi itxi zituen ate batzuk edegiten. Gauez, ordu txikitan leihoan parauta egoten ziran, euri usaina arnasten; ames egiten eben, bizitzeari zirrara txikerrak edo lilura barriak topetako. Eta, jakina, euren begiradeak leku guztiak argiztatzen zituan, gerezi-loreek lez.
Ezagun dot jentea jan-edanerako grina asebetetzeagaz eta ez aspertzeagaz bakarrik konformetan dana, bizitzeak eskaintzen daben mailarik oinarrizkoenean eroso asko sentitzen dana: ez gora, ez behera; ez aurrera, ez atzera. Ezarrita dagozan egunetan egiten dabe jai, seinalatuta dagoan data orotan opariak alkarri, eguna egunaren ostetik, ordu berberean jagiten dira eta pareko orduan lotara oheratu. Ez dabe ezer desbardinik edo apartekorik egiten, seguru asko, ez dabeelako ezbardina dan deus egiteko beharrizanik sentitzen; eta sentiduta be, ez leukie jakingo, honezkero. Umezaroan jasoriko fedean irmo sinisten dabe eta herrian dagozan ohitura danak bere horretan onartzen. Zaharrak dira gaztetan be, mundura gurasoen edo aurrekarien bizitzea errepikatzera baino etorriko ez balira moduan, ezer aportau barik. Euren jakingurea bizitzea konpontzeko beharrezkoa ikastera mugatzen da soilik. Behin eroso bizitzeko dana ondo zarratuta lagata, fosil bihurtu dira geratzen jakezan urte guztietarako.
Ezagun dot jentea egun baten zituan ahalmenen mailea baino baxuago bizitzea erabagi ebana, barruan eukan talentuaz nahiz munduari eskaintzeko guztiez kargutu ez dana; edo, beharbada, kargutu gura izan ez dabena. Karrerea amaitu ostean, ikasitakoaren ildoko ogibidea bilatzea barik neskame edo banatzaile ibiltea lehenetsi dabeenak; kontserbatarako antxoak garbitzen amaitu dabeen medikuak. Batek itzel eskribitzen eban, bestea argazkilari txukuna zan, halako ha antzezle trebea eta honako hau hiztun distiratsua. Baina danek barrena loraz beteten ez deutsien lanbide aspergarri bategaz zokoratu ditue munduari opari egiteko eukiezan ekarpen guztiak; bizimodu antzuaren laino gris bategaz ilundu dabe euren distira bakanetakoa, betiko. Borrokan hasi orduko nekatu balira lez, ez dabe normalidadearen babes primitiboa apurtzerik lortu eta, ondorioz, berezietan berezienak izatera deituak egozanek arrunt izaten jarraitu dabe.
Ezagun dot jentea neure bide gorabeheratsu hau erakutsi deustana, eta baita nik egundo gura izango ez neuken moduan bizi dana be. Biek ala biek, izugarri lagundu deustie.