Euskararen mundu ikuskera pantailetan
Troiako zaldi bildumarekin bete ditugula gure kortak zioen Gorka Urbizuk Guda abestian, eta bilduma ez da txikia. Euskaldunok gure kaltea eragin duen eta eragingo duen tendentziei ireki dizkiegu ateak, mina eragin zezakeela pentsatu gabe eta onura sortuko zuenaren uste faltsuaz. Euskararen mundu-ikuskeraren gutxiespenaz nabil, kanpoko eraginek ekar dezaketen kalteaz, alegia. Kontua zera da, EITBren haur zein nerabeentzat sortutako edukiak bere jatorrian gaztelaniaz idazten direla hein batean, eta, horren ondoren, gure hizkuntzara itzultzen direla euskararen mundu-ikuskera (Weltanschauung) aintzakotzat hartu gabe. Horrek gure identitateari kaltea eragiten dio.
Jakina da, gure abizenen jatorriaz ezeze, euskarazko hitz asko ere gure arbasoek naturarekin zuten harremanetik sortutako hitz konposatuak direla. Gure aurrekoek transmititu diguten esamoldeak erabiltzen ditugunean errealitatearen posizio zehatz batetik hitz egiten dugu, ez da erdaldunek duten ikuspuntua baino hobea, baina ezberdina da, eta, horrek, bereizten gaitu besteengandik. XIX. mendean korronte nazionalisten garai gorenean indartu zen teoria hau, hizkuntzak eragin zuzena zuela errealitatearen pertzepzioan, alegia, eta, egun, teoriak indarra galdu badu ere, demostratu omen da, beste hainbat aldagairen artean, eragina izan baduela. Horregatik, ezin egokiagoa iruditzen zait “Euskaldun” hitza, euskara dugunok bait gara euskaldunak, euskararen mundu-ikuskera bera partekatzen dugunok gara euskaldunak.
Sustraietatik deserrotuta gauden garai honetan, arriskutsua iruditzen zait haur eta nerabeei zuzendutako euskal ekoizpenen jatorria erdalduna izatea
Industrializazio garaian, baserri-giroan erabiltzen zen hizkuntza ez omen zen nahikoa modernitaterako. Horrela, gaztelania bilakatu zen aurrerapenaren hizkuntza, eta gure arbasoei sinestarazi zieten euskarak ez zuela balio etorkizuneko erronketarako. Ordutik hona, gure ikuskera asko galdu da. Egun, mehatxua ezkutuan dator pantailetatik, egitura eta mundu-ikuskera erdaldun batetik sortzen direlako istorioak, eta adibide garbia dira Goazen zein Desagertuta (2025) telesailak. Azken honen kasuan, ekoizpen aldetik, bi hizkuntzetan grabatu zen telesaila paraleloan, eta nabarmena da gidoia jatorrian gaztelaniaz idatzita dagoela.
Sustraietatik deserrotuta gauden garai honetan, arriskutsua iruditzen zait haur eta nerabeei zuzendutako euskal ekoizpenen jatorria erdalduna izatea. Telesaileko pertsonaiek komunikatzeko euskarazko hitzak erabiltzen dituzten arren, jatorrian hitz horiek pentsamendu erdaldun batetik sortu diren ideiak dira, eta hor dago traizioa. Egurrezko zaldia euskara (itzulia) da, eta mundu-ikuskera erdalduna da zaldi horren barruan dauden soldaduak.
Pantailak bilakatu dira sozializatzeko tresna nagusia familia eta lagunetatik haratago. Bertatik jasotzen ari gara gurea ez den ikuspuntua. Honekin, euskal ekoizpenak osotasunean euskaraz sortuak izan behar direla da esan nahi dudana, azken finean, euskaratik bakarrik sortu daiteke euskara.