Euskalduna naiz, eta zu?
Mikel Iruskieta - Iritzia
Hainbeste urte negargarri euskaldunen estereotipoez barrezka pasatu ondoren, programa bat egin du ETBk espainiarren estereotipoez: Euskalduna naiz, eta zu? Espainiarren estereotipoei buruzko programa hasieratik autozentsuratua jaio bada ere, espainiarrek egurra banatu diete ETBkoei eta programa egin dutenei. Espainiar batek emakume euskaldunetako bati min ematea lortu dute. Euskal Herrian gero eta piperpoto gehiago ikusten diren garaian, ezin da espainiar estereotipoez hitz egin. Espainiarrek euskaldun bat umiliatzen eta gaitzesten ari direnean, umorez esandako gauzengatik, programak zentsuratzen edo salatzen badira, jomugan dagoen euskaldun hori bigarren aldiz zigortzen da. Eta emakumea bada, iraingarri sexistak ere erabiltzen dira. Demokrazian orori buruz hitz egin daiteke leloa gero eta faltsuago da, eta ustelagoa. Lehendakariak ere barkamena eskatu behar al du umorezko programa horretan esandakoagatik? Nori egin dio mesede? Gogoratu aurreko hilabetean Madrilek Gernikako bonbardaketan (besteak beste) eragin zituen hildakoak direla eta, barkamena eskatzeari muzin egin ziola. Horrez gain, ezin da ahaztu martxoan gaudela, eta martxoaren 3ko hiltzaileak epaitu gabe daudela, ez badaude orduan egindakoak kobratzen. Niri argi geratu zait, kirola (Euskal Selekzioa) eta umorea, beste gai sinboliko batzuk barne, oso garrantzitsuak direla gaur egun. Ez dakit herri bat egiteko beste izango diren. Ezezkoan nago! Baina Espainiari ezetz esateko bada, ondoetorriak guztiak.