Etorkizunera bidean desobedientzia
Momentu historiko batean gaude: sistema multilateralaren bukaeran. Sistema horren bidez, mendebaldeko potentziek hegoalde globaleko baliabide naturalak ustiatzen jarraitzeko modua aurkitu izan dute II. Mundu Gerraz geroztik. Ustiapen horretatik etekin gehien atera dutenak AEB eta Europa dira. Paradoxikoa bada ere, AEBetako biztanleriaren zati handi bat sistema multilateralaren biktima sentitzen da, honek eragiten dituen ondorio batzuk pairatzen dituelako: migrazio masiboa herrialde aberastuetara eta industriaren ihesa herrialde pobretuetara. Biktima sentimendu horrek, Europan ere badagoenak, Trumpen fenomenoa eta eskuin muturraren gorakada azaltzen ditu. Mundu multilateralarekiko mesfidantza horren ordezkari bezala, Trumpek sistema bera desegitea proposatzen du, eta, horren ordez, interes nazionalak babesten dituen botere-zentro anitzetan oinarritutako eredu multipolarra bultzatu.
Gazako genozidioa edo Venezuelan egindako bonbardaketa eta Maduro eta Cilia Floresen bahitzea kontestu horretan kokatzen dira, Trumpek Groenlandiaren inguruan egindako adierazpenak ere bai. AEBek argi utzi nahi dute munduan beraiek agintzen dutela eta nazioarteko zuzenbidearen gainetik AEB dagoela.
Munduko herritarroi beldurra eragiten badigu ere, ezin gara gelditu etorkizun ezkor bat irudikatzen; sentsazio geldiarazle horrek, etorriko dena modu eraikitzailean pentsatzeko gaitasuna kentzen digu. Ezinbestean, munduko herriak aurrera modu baikorrean begiratzen jartzeko unea da; munduaren gainbehera aprobetxatu behar dugu hegoalde globalarekin batera etorkizun hobe baterako bidean eraldaketa proiektuak antolatzeko.
Horretarako, munduko botere-zentroek aurkezten duten errealitatea eraldatzeko proiektu desobediente eta itxaropentsuak izan behar dituzte herriek, eta baditugu: Guggenheim Urdaibai gelditzea lortu dugu; Aroztegia proiektua gelditu da; Espainiako Bira amaitzea oztopatu dugu; Askatasunaren Ontzidia antolatu dugu eta beste bat ere antolatuko dugu; COP30aren kontrako protestak burutu dira, bi urtetik behin euskararen alde Korrika egiten dugu; Herri Harresiak antolatu genituen; Kukutza defendatu genuen; Lemoiz gelditzea lortu genuen… Bide horretan, tresna politiko berriak ikasi ditugu, eta inperialismoaren bortizkeriari aurre egiteko gai garela ikusi eta ikasi dugu.
Utzi diezaiogun etorkizuna beldurrez irudikatzeari, eta eman diezaiogun lekua irudimenari eta desobedientziari: eraiki dezagun botere-zentrorik gabeko nazioarteko sistema dekolonial bat. Ez dezagun onartu errealismoaren izenean kontatzen diguten gezurra. Historian ez da inoiz aurrera egin zuhurtziaz jantzitako etsipenari esker. Beti egon dira ametsak moteldu nahi izan dituzten ahotsak —ez interesik gabekoak—, baina ez dute sekula lortu aurrerako bidea geldiaraztea. Egin dezagun amets; desobeditu dezagun!