Eta hau euskal zinema da?
Gaian adituak direnek dagoeneko eman dute honen inguruko iritzia, eta, agian, zutabe honen bukaeran erantzunen bat jaso ordez, galdera gehiago izango dituzu, baina hemen nator nire hondar alea gehitzera eta hautsak harrotzera. Zer da euskal zinema? Erantzun erraza duen galdera dirudi, baina ez, euskal zinema ez da euskara hutsean egiten dena soilik.
Ikuspuntuak eta interesak markatzen du sarri, muga non dagoen; aberriarekiko maitasuna sentitzen duen batek ―eta ni talde honetan sartzen naiz― muga han edo hemen jarriko du, baina hori zurruna izango da, gutxik pasatuko dute filtroa. Erakunderen bateko ordezkariren batek, ordea, dena onartuko du euskal zinematzat; Los Domingos (Alauda Ruiz de Azúa)? Barrura, La Infiltrada (Arantxa Echevarría)? Barrura, Game of Thrones, euskal herrian grabatu zen, beraz, barrura. Zu ta bion artean gera dadila, baina euskal zinemaren osasuna ondo dagoen itxurakeria egiteko trikimailua da hau.
Orduan, goazen mugak zehaztera; euskaldunek euskaraz egindako ekoizpen bat automatikoki euskal zinema da. Beraz, zaku honetan sartu genitzake; Handia (Moriarti), Errementari (Paul Urkijo), Aupa zein Agur Etxebeste (Telmo Esnal eta Asier Altuna), Nora (Lara Izagirre)… Euskaldunek erdaraz eta atzerrian grabatutakoak ere nire ustez badira, esaterako: La Trinchera infinita (Moriarti), Marco (Moriarti)… Azken bi hauek ez baitira zinema espainiarra, ekoizpen aldetik bederen. Eta euskaldunon inguruan diren filmak? Nire ustez, kontatzailearen arabera; izan ere, Akelarre (Pablo Agüero) filmean bezala, zuzendari argentinar batek inkisizioaren errepresioarekiko duen ikuspuntua ez da euskalduna, bai, ordea, gasteiztar batek duena Gauan (Paul Urkijo) bezala. Zoritxarrez, gizarte elebiduna gara, eta errealitatea modu fidelean irudikatzeko bi hizkuntzak ageri diren filmak egotea zilegi da. 20.000 especies de abejas (Estibaliz Urrezola) bada euskalduna, baina baita Cinco lobitos (Alauda Ruiz de Azua) ere? Ez dakit, baina Urdaibaiko herri batean kokatzen den zinta batean hain euskara gutxi entzutea zientzia fikzioa iruditzen zait. Okerragoa da, ordea, Patria (HBO) telesailean gertatu zena; ustezko biktimek gazteleraz mintzatzen dute eta ustezko biktimarioek euskaraz, zeharkako demonizazioa da hori. Bide batez, Patria euskal ekoizpentzat onartuko zenukete? Pertsona batzuentzat finantzaketaren jatorria ere izan daiteke aldagai erabakiorra, «Eusko Jaurlaritza» edo «Gobierno de España» edo biak jartzen baditu hasierako tituluetan. Bukatzeko, orain, denen ahotan dagoen Los Domingos (Alauda Ruiz de Azua) zintaren kasua ere interesgarria da, zuzendariak honako hau esan zuelako elkarrizketa batean; «La historia transcurre en un cotexto vasco». Baina gauza bera al da «contexto vasco» eta «euskal testuingurua»? Nik ezetz esango nuke.
Beraz, osa dezagun Vennen diagrama; euskaldunek eginda, euskaraz, Euskal Herrian grabatuta eta euskaldunen inguruan bada, Euskal Zinema da ―letra larriz, gainera―; euskaldunek atzerrian eta atzerriko hizkuntzan eginda, Euskal Zinema da baita; atzerritar batek guri buruz hitz egiten badu, ordea, ez; eta, nahiz eta Euskal Herritarra izan zuzendaria, mezua euskal balioekin bat ez badator, ez da Euskal Zinema, baina, noski, zer da euskal balioa? Zuzendarian dago gako nagusia; euskalduna da ala euskal herritarra? Euskal Herriaren inguruan hitz egiten du ala Pais Vascoren inguruan? Lurralde berean bi mundu guztiz ezberdinen elkarbizitzaren albo kaltea da hau.