Lehiak, norgehiagokak egunerokoak dira gure bizitzan. Lehen, orain eta geroan ere izango dira gizakiok barru-barruan daramagun oinarrizko ezaugarri honek sortzen dituen norgehiagokak. Kirola gizakiaren izaera horretan oinarritzen da. Eta gaur egun kirolak duen garrantzia inoiz baino handiagoa izan arren, gizakiak betidanik praktikatu du.
K.A. 2000. urtean, Egiptoko dokumentuetan azaltzen dira kirol joku batzuk. Baina, batez ere greziarren Joku Olinpikoek eman zioten bultzada. Kirol garrantzitsuenak, tartean diru asko jokuan dagoenak, antolatuak izaten dira. Batzuk mundu mailan, beste batzuk estatuen artekoak. Baina, maila txikiagoan, lurraldeen eta herrien artekoak ere, kontuan hartzekoak izaten dira, lagun artekoak ahaztu barik.
Lehiak eta norgehiagokak egiten ez gara atzean gelditzen euskaldunok. Gure artean beti ezagutu ditugu mota guztiko lehiak eta apustuak. Norgehiagokak nagusi ziren baserritarren inguruan, batez ere. Auzotarren arteko lehia horiek ezagutu ditugu, baina zorionez, garai horiek baztertuta, ahaztuta dagoz. Gaurko gazteak ez dituzte ezagutu eta ez dute jakingo gertatu izan zirenik ere. Baina, etsaitasun horiek gaindituta baldin badagoz, eta normaltasuna nagusitzen bada, ezin da gauza bera esan beste maila batzuetan. Besteak beste, kirolaren helburu nagusia ondo pasatzea eta herritarren arteko harremanak sendotzea dira. Baina zoritxarrez salbuespen garrantzitsua dago, denok ondo ezugutzen duguna, kirolaren helburu nagusienetako bide horren kontra egiten ari dena. Kirol hori futbola da. Komunikabideek behin eta berriz, ematen dizkigute han eta hemen gertatzen diren iskanbilak. Zer nolako segurtasun neurriak hartu behar izaten dituzten, eta hala eta guztiz ere zer nolako istiluak sortzen diren. Sarri, zaleek kirolaz gozatu beharrean, arduraz eta beldurrez ibili behar izaten dute. Euskal Herriko futbol giroa ez omen da hain gaiztoa, baina ez dot uste eredu garenik ere. Talde bateko eta besteko zaleak elkartu eta hurbildu baino gehiago, urrundu eta etsaitu egiten dituela ikusten ari gara.
Futbola bera, beste edozein kirol bezala, gozatzeko eta lagun artean ondo pasatzeko ingelesek asmatutako kirola da. Baina orain ehun urte baino gehiago sortutako kirol honen helburua guztiz aldatu da. Gaur egun, profesionalen artekoa, negozio handi bat bihurtu da. Bere inguruan dagoen giro hain gaiztoari ez diote asko laguntzen komunikabide batzuk. Alderantziz. Harrigarra bada ere, XXI. mendean badira futbola edo beste edozein gai aitzaki lez hartu eta herritarren arteko lurraldekeriak areagotzen ari direnak.