Esperantza izpiak
Goizean jaiki eta oraindik erdi lo, bizi naizen ikasle erresidentziatik atera, eta arduradunak egun onak ematea. Maleta, motxila eta poltsez beteta, metrora jaitsi, haur jaio berri bat duen emakumeari igogailua erabiltzeko lehentasuna duela adierazi, eta atzetik datorren gizon nagusiak denok sartzen garela esan, eta tartetxoa egitea, bueltako autobusa galdu ez dezadan.
Aspaldian ikusi ez eta geltokian ikastolako gelakide batekin topo egitean, denbora igaro ez balitz bezala jarduteak sorrarazten dizun poza.
Badira esperantzarako arrazoiak. Eskerrak ematea, agurtzea, mesedez hitza erabiltzea zerbait eskatzerakoan. Gero eta norbanakoagoa den egunerokotasun batean, gizartean sinesten jarrai dezadan balio dit. Esperantza galdu ez dezadan, behintzat.
Lagunekin bazkari bat. Ospatzeko ezer berezirik ez tarteko. Gure lagunarteko harremana, besterik ez. Gutxi ote da, akaso? Gozatzeko unea. Mahai baten bueltan eserita, janari goxoa eta berotasuna nabari. Besarkatzen zaituzten momentuak. Kanpoan hotza, baina epeltasuna agerikoa den arratsalde pasa bat. Lanez lepo egon, baina etxera bueltatzean merezi izan duela ohartzea. Zaintza sare baten balioaz jabetzea. Espazio horien beharraz. Beldurrak elkarbanatu, iraganeko oroitzapenak gogoratu, etorkizuneko ametsei lekua eman. Bestearen lorpenak ospatzea.
Txikitatik Gabonetan osasuna eskatu izan diet Olentzero zein Maridomingiri, egin izan dizkiedan gutun ezberdinetan. Azken urteotan aldatu egin dut eskaera, eskaria beste bat da orain. Nire desioa pertsonek berekoiak izateari utzi eta elkar laguntzea da. Elkarri kritikatu beharrean, esko bat botatea. Ulerkorragoak izatea.
Nire helburua pertsona ona izatea da, pertsona jatorra. Egia esan, badut nondik ikasi. Nire izeba Bego eta aume dira horretan nire erreferenteak.
Askotan Tik Tok sare sozialean agertzen zaizkidan bideoak kalean egiten diren elkarrizketak izan ohi dira. Batzuetan pentsatzen dut Bilbon kalean norbaitek aplikazio honetarako elkarrizketa bat egitea proposatu eta erreferenteen inguruan galdetzean, zer erantzungo nukeen.
Nik erreferente dut Gorka Urbizu. Noski musikalki gustatzen zaidala. Baina niretzat erreferentea da bere bozgorailua erabiltzen duelako injustiziei berbak ipini eta isilarazten dituzten ahots horiek guztiak irudikatzeko.
Bartzelonan nagoenean, nire ingurua oso bestelakoa da, herrikoarekin alderatuz gero. Eta eskertzen dut bi ingurune hain ezberdinetan mugitzea, horrek eragin didalako ikuspegi zabalagoa izatea. Partekatzen ez ditudan ideiak dituzten batzuk ere lagunak ditut. Eta konturatzen naiz bata zein besteen ardurak antzekoak direla. Eta jaio garen herri eta etxeak zeharo moldatzen gaituztela.
Horregatik du berebiziko garrantzia, ahal den heinean behintzat, gure mugez haratago mugitzea, gure erosotasun zonaldetik atera, eta gure ikuspegia kontrajartzen dutenekin hitz egitea. Toleranteago egin nau, eta ez, ez nabil tolerantea izaten izan ez daitekeen kontuekin. Orain, pentsamolde aberasgarriagoa dudala esango nuke, askotariko iritziak entzun ditudalako, ohitura desberdinen berri izan dudalako batez ere.
Errealitatea anitzagoa da gure etxeko lau hormetatik haratago begiratuz gero, eta aniztasuna babesten dugun honetan, hobe praktikan ere horrela jarduten badugu.