Esne galdua
Alex Zubia - zutabegilea
Duela oso denbora gutxi Europako epaitegi batek, Europar Batasuneko Justizia Epaitegiak hain zuzen ere, espainiar estatuan zegoen debeku bat debeka-ezina dela ebatzi du.
Orain dela urte batzuk arte, supermerkatu kate handiek hainbat produktu oso merke saltzen zituzten, beste batzuen salmentan lagundu ahal izateko. Produktu horietariko bat historikoki esnea izan da, eta salmenta mekanismoa oso sinplea da: esnea merke-merke saldu eta jendea hori erostera joango da, baina ez denez gai esnea bakarrik erosteko, lortu duguna da erosleak gure dendara erakartzea. Hori bezain inozoa da…, baina funtzionatzen du.
Kapitalismo «garbian» sinisten duen edonork pentsa lezake supermerkatu horiek nahi dutena egin dezaketela, beraien negozioa eta beraien dirua dela. Teknika horrekin, «venta a perdidas» horrekin, beharbada, bezero gehiago izatea lortuko dute, guztiz zilegi dena. Baina baita ere esnearen prezioaren gainbehera, eta ez supermerkatuko apalean, baserritarren poltsikoetan baizik; baita denda txikiek gero-eta estuago edukitzea aurrera ateratzea. Eta horiek, denda txikiak, txiki, baina denda dira, konpetentzia, beraz.
Lehen sektorea estrategikotzat hartuz eta komertzio txikiaren garrantzia medio, espainiar estatuak –inork uste al du estatu antikapitalista bat denik?– «venta a perdidas» delakoa debekatu zuen, nekazal sindikatu eta abeltzainek betidanik izan duten eskaeretako bat.
Hogei bat urtean indarrean egon da debeku hori, eta hala eta guztiz, baserritarren, abeltzainen egoerak ez du onera egin, alderantziz baizik. Hau da, defentsa tresna hori ez da nahikoa izan abeltzaintza eusteko. Tresna hori gabe, zailagoa izango da aurrerantzean.
Beraz, esnearen kasuan laster ikusiko ditugu oraingoak baino prezio merkeagoak. Erosi duzun prezioaren azpitik saltzea dirua botatzea dela pentsa daiteke. Baina diru hori botatzea geuk ordaintzen dugu, den-denek diru laguntza publikoa jasotzen dute eta. Absurdoa absurdoaren gainetik.
Eta orain nik ez dakit zer egin, esne merke hori erostea ukatu edota milioika europear konbentzitu esnea erosi eta entrepresa erraldoi horiek jauziarazi. Hau zalantza, hau.