Eskuzabaltasuna
Lan egun gogor baten ondoren iritsi naiz etxera. Derbi eguna izan da gaur San Mamesen, eta luze jo du arratsaldeak. Galdu egin du gainera, Athleticek. Lehen porrota taldearen egunerokotasuna jarraitzen hasi naizenetik.
Loa erakartzeko saiakeran, telebista piztu dut. Eta hantxe agertu da, gutxien espero nuen pertsona: amuma Pepi. Duela bizpahiru urte Herri txiki infernu handi programa grabatu zuten Lumon, eta hantxe zegoen publiko artean, aitxitxek aurkezleei kontatutako anekdotak bertatik bertara jarraitzen. Harro, 60 urtez aldamenean izan duen bidelaguna bertaratu den publikoaren txaloak jasotzen ari delako. Oilo-ipurdia jarri zait; malkoz bete begiak. Ezustean harrapatu nau bera berriz ikusteak.
84 urte beteko zituzkeen datorren astean amumak. Eta urte eta erdi beteko da laster gure albotik joan zenetik. Futbolzale amorratua, 40 urteren ostean Athleticek Errege Kopa irabazi, eta hiru egunera esan zigun agur. Data nahita aukeratu zuela zirudien; Gabarra berriz ibaian ikusteak ordu batzuez gure mina arintzea nahiko balu bezala.
Amumaz gogoratzean, baina, nahitaezkoa egiten zait beste hamar urtez berarekin gozatzea posible egin zigun pertsona ere burura etortzea: 2014an giltzurruna eman zion emaile anonimoa.
Neguko gau hotz batean iritsi zitzaion deia: berarekin bateragarria izan zitekeen giltzurrun bat zuten Gurutzetan. Hautagai ugari zeuden transplantearen zain, eta zorionez, berari egokitu zitzaion organo berria jasotzea. Egun hartan, loteria tokatu zitzaiola esaten zuen berak, eta hala izan zen.
Geroztik, bere bizi kalitateak nabarmen egin zuen hobera. Dialisietako ordu luzeak atzean utzi, eta autonomia berreskuratu zuen. Urte luzez ezinezkoak zitzaizkon gauzak berriz egitea ahalbidetu zion modu erabat altruistan bere organo bat eman zion pertsona ezezagun hark.
Logikoa denez, inoiz ez dugu jakin, eta inoiz ez dugu jakingo nor izan zen emailea. Txantxa artean, amumak beti esaten zuen ziur zegoela gizonezko bat izan zela, ebakuntzaren ostean, berari ahotsa grabeago jarri zitzaiolako, ja ja ja. Dakiguna da bere eta bere ingurukoen eskuzabaltasunari esker, hainbeste maite genuen pertsonaz denbora gehiagoz gozatzeko aukera izan genuela. Giltzurrun horri esker, amuma aldamenean izan genuen minutu bakoitza opari bat izan zela.
Zoritxarrez, euretako askok ez dute inoiz gure esker ona jasoko, baina beraiei esker jarraitzen dute bizirik gure artean dauzkagun hainbeste lagunek. Eta gu guztiontzat eredu beharko lukete.
Izan ere, ba al dago mundu honetatik joateko modu eskuzabalagorik, beste bati bizitzen jarraitzeko aukera emanda baino?