Eskerrik asko Ramon!
Martxoaren 30ean esan genuen bezala: “Busturialdea triste dago eta gu ere triste gaude. Ramon joan zaigu”. Ez dago zalantzarik Ramonek egindako ibilbide akademiko eta politikoa garrantzi handikoa izan dela, eta bere aktibismoa zein Euskal Herriari egindako ekarpena, benetan, izugarria.
Gutariko gehienok berandu ezagutu genuen…Guggenheim Urdaibai gatazkaren harira izan zen. Baina plazerra eta itzelezko zortea izan da azken urte hauetan borrokalagun izatea. Gizon handia baina hurbila, xumea, zintzoa. Busturialdearen etorkizunaz arduratu eta okupatzen zena. Hitz egitea gustatzen zitzaion, baina hitz baino lan gehiago egiten zuen. Hortxe dauzkagu beraren lan guztiak. Musutruk egindakoak. Busturialdeko herritar eta elkarte askorentzat, itsasargia. Gizon zabala, beti entzuteko eta ikasteko prest.
Asko izan dira berarekin izandako bileratxoak. Aholkua eskatu, informazioa partekatu, iritziak trukatu, estrategiak markatu…
Bere iritzia beti izan da garrantzitsua guretzat, eta, are gehiago, bizi izan dugun gatazkaren hasieran: “Guggenheim Urdaibai si, pero no asi” zioen Ramonek, baita “Guggenheim Urdaibai Stop” plataformak ere. Zein garrantzitsua den hitz egitea, entzutea, ikastea… 2023ko urrian antolatu genuen lehen manifestazioa eta garrantzitsua zen guretzat Ramon bertan egotea. Ekitaldi osoa grabatu zen eta sorpresa handia hartu genuen hurrengo egunean, bideoa ikusten ari ginela: hantxe zegoen Ramon, Lasa lagunaren alboan, Busturialdeko hainbat herritarrek inguratuta. Asko poztu ginen. Bide onetik gindoazen. Eta gaur, badakigu horrela izan dela. Geroztik, alboan izan dugulako eta batzen gintuen helburua lortu dugulako.
Abenduaren 16an, Guggenheim Urdaibai proiektua bertan behera gelditzen zela esan ziguten. Ramon ospitalean zegoen, baina pozik. Hurrengo egunean, garaipenaren irakurketa egin genuen eta Ramoni agurra luzatu, eskerrak eman. Zelan ez, garaipena berea ere bazen eta!
Garaipena gozatu eta baloratu zuen. Alde batetik, elefantea gelatik atera genuen eta orain Busturialdearen etorkizuna idazten jarraitu beharra zegoen. Aspaldi hasitako bideari gogotsuago ekiteko garaia zen. Eta bestetik, argi esan zigun: “baloratu lortutakoa, garrantzitsua da eta. Orain ez zarete konturatzen baina denbora pasatzen denean konturatuko zarete lortutakoaren balioaz. Ospatzeko arrazoiak daude.”
Horrelaxe pentsatzen genuen geuk ere, eta otsailaren 7ko ospakizun eguneko prestaketa lanekin hasi ginen. Azken txanpan ere lagundu zigun, bai. Hitzaldiak antolatzeko hizlariak bilatzen lagundu zigun eta hantxe egon zen entzule, diskrezioz, Elai Alaiko azken ilaran jesarrita. Koadernoa eskuan eta adi-adi Martin eta Mirenek esateko zutena entzuten eta ikasten. Beti ikasten.
Egun horretan ikusi genuen azkenekoz.
Eskerrik asko Ramon, eman eta irakatsi diguzun guztiagatik!
Borrokak merezi du!
Guggenheim Urdaibai Stop Plataforma