Erre
Senarra tiroz hil zioten bati, gerran. Baserrian hazi zen bestea, adopzio baten ondoren. Kresal usaina du lehenengoak, belar usaina bigarrenak. Zimurtuta ezagutu nituen biak, euren bizi ibilbidea neurtu zitekeen ile ondulatu eta azal zahartuetan. Birramonak ziren horiek, ezagutu nituenak. Amonak, aldiz, baserritarrak ditut biak. Etxeko eta baserriko lanak egiten hazia eta hezia bata, baserritik herrira neskame joana, eta, ondoren, bere negozio propioa irekia bestea. Ama, ama, ama. Emakume langileen genealogia oso bat bihotzean.
Haien mundutik nirera zenbat aldatu garen, diren. Zenbat eskubide geureganatu ditugun handik hona: lan munduan, erreproduktiboan, sexualean, erabakitzeko eskubidean, hezkuntzan, politikan, sexu-aukeran, identitatean… Bizitzak erdigunera aldarrikatzen hasi gara, zaintza lanak aitortzeko beharra mahai gaineratzen, eta, batez ere, zaintza krisiari aurre egiteko estrategiak pentsatzen.
Berandu hasi gara agian gure genealogien bizkar gaineko zama arindu nahian, baina denbora ez da alferrik pasa. Jakin nahi nuke zenbat aldatuko litzatekeen euren bizia nire birramonak gaurko egunez jaio izan balira. Nor liratekeen orain, nor maiteko luketen eta nola, norekin oheratuko liratekeen, zer ikasiko ote luketen, edo zein lan egin, nori emango lioketen bozka, nola jantziko ote liratekeen, zein izen edukiko lituzketen, zein kirol egingo luketen, zenbat ume edukiko lituzketen (edo edukiko ote lituzketen)… Nola den posible garaiak hainbeste eta hain gutxi aldatu izanak aldi berean.
Lan mundura salto egin genuen, baina soldatak arrakalatzen jarraitzen gaitu; lehen isilean eramaten ziren biolentziak aireratzen ditugu orain, baina egon badaude; libre garela sentiarazten gaituzte, baina beti zentzurik eta neoliberal eta kapitalistenean; neskameek hor jarraitzen dute egun baten neskame izandakoak zaintzen. Amen, amonen eta birramonen bizipenak eta bizimiñak (penak eta miñak) iltzatuta daramatzagu azalean, baina baita haien irakaspen, ausardia eta autodefentsa mekanismoak ere. Garai konplexuak bizi ditugu, aldaketa handikoak eta ertz eta zapalkuntza ugaritakoak, baina badaukagu nondik eta nora begiratu. Erre gintuzten eta erretzera gatoz, zuengatik, gugatik. Gora kopak!