Eneko Arrate: 'Bertokoa bada, goxoagoa da'
Udaberriaren erdira heldu gara, eta eguzkia berotzen hasi da. Horrekin batera belar denboraldia ere hasi da baserritarrentzat. Traktore eta segadora handiak martxan dabiltza belarra moztu, bildu eta bolak egiten, gutxi batzuk segekin eta eskobarekin jarraitzen duten bitartean. Arrantzaleak ere antxoa porturatzen ari dira. Naturaren zikloak ez du etenik, mundu aldrebes honetan klima nahasten ari bagara ere.
Tokiko produktore txikiak beharrezkoak dira naturaren bideak ahalik eta kalte gutxien jasan ditzan eta guk ahalik eta produktu osasuntsuenak barneratu ditzagun. Beraien lanak duen garrantzia kontuan hartuz, kontsumitzaileok bertoko produktuen aldeko apustua egin behar dugu eta azken urteotan, zorionez, proiektu eta etxe askotan egin da apustu hori. Aurrerapauso txiki asko ematen ari gara gurean eta hainbat adibide daude: elkarteen zozketa askotako sariak bertoko produktuekin osatutako otzarak izatera pasatu dira, Lea-Artibaiko Rallyan sari bezala kirol ekitaldietan ohikoak eta ia beti berdinak diren kopa edo oroigarrien ordez, eskualdeko produktuz betetako otzarak eman ziren, etxeetako otarren sistemak martxan daude, ortu publikoak…
Apustu txikietatik handietara pasatzeko garaia ere iristen da eta horretarako badugu zer hobetu. Eskoletako catering zerbitzuetan, adibidez, hutsune nabarmenak daudenez, Markina-Xemeingo eskola publikoak borroka latza izan du Jaurlaritzako teknikarien kontra, interes asko daudelako tartean. Orain, bertoko produktuekin osatutako menuak izango dituzte berriro ere, duela urte asko modura. Ikastolak ere euren bidea egiten ari dira eta ea eredu hau ikastetxe guztietara zabaltzen den.
Agintariei errua botatzea izaten da errazena, baina iraultza denak etxeetatik hasten dira. Ustezko gune alternatiboetan gabiltzanok ere gure mugimenduetan hutsune nabarmenak ditugu, txosna guneetan, adibidez, ia edari dena multinazional erraldoiei erosten diegulako. Pixkanaka aukera ematen ari gatzaizkie, kostata bada ere, bertoko edariei. Berriatuko jaietan, adibidez, euskal garagardo ekologikoa dago, iaz Markina-Xemeingo txosna gunean bezala, eta ziur beste hainbat guneetan ere joera hori indartzen ari dela. Ekologikoa garestia da multinazionalen edari manipulatuen aldean, aldaketa emateko ordea, ausardia falta zaigu.
Jaten, edaten eta arnasten duguna gara. Bertoko ekoizleak mimatuz, osasunean inbertitzen dugu. Pausoak ematen jarraitu dezagun.