Sasoi batean, kanpaien dilin-dalan etengabeak zabaltzen zituen herriko hainbat gertakari alai, gupidagarri zein hits: ekaitzak, suteak, ezbeharrak, festak, heriotza… Gauerdiko txakurraren alarau urrikalgarria edo oilarraren kukurrukua seinale txarra ziren. Jakina, siniskerok eta zaratok ez dute lekurik egungo gizarte aurreratuan. Landa eremuak baditu, ordea, berezko soinuak, usaina eta bizimodua. Badu ere bisitari ugari landa-turismoa eta hirietatik herrietara bizitzera, asteburu pasa edo oporretara, naturarekiko kontaktu eta lasaitasun bila, hainbeste auto, sirena edo kutsaduratik ihesi joaten den pertsona kopurua zaluki igo denetik. Diru-iturri dira sektorerako.
Hala ere, oro ez da urre; batzuk kexatu egiten dira eta salaketak jartzen dituzte; sarri, ez dutenak ez hanka eta ez buru. Horientzat dena da zarata, eragozpena: oilarraren kantua, zaunka, traktora, ongarriaren usain txarra… Ongarri hori naturala da, ez artifiziala; horixe ez da, ba, aldarrikatzen dena? Lantegi askoren tximiniei darien ke horixka eta hatsa ez da hobea, inondik inora.
Entzuna izango duzue «Carmina» kasua. Behi bat sakrifikatu egin behar izan zuten eta txahala, Carmina, ama faltan, murruntzaka egon zen luzaro. Auzokoak jabea salatu egin zuen txahalak deskantsua eragozteagatik, eta isuna jarri zioten murruntzek legezko dezibelioak gainditzen zituztelako. Holakorik! Einsteinek esan zuen bezala: «Bi gauza mugagabe baino ez daude, Unibertsoa eta giza ergelkeria».
Abeltzainak eta nekazariak eurek ere haserre daude zenbaiten jarreraz. Jendea belardietan sartzen zaie ganadu artean argazkiak ateratzeko, zirraragarria iruditzen zaielako. Dena eurena balitz bezala, nahierara. Ez jaun-andreok, ez da guztiona; eremuak, landak, soloak jabea du. Ez dira parke publikoak. Txangozale eta mendi-ibiltari zenbait ere arazobide dira abeltzaintza estentsiboan txakurrak direla eta ez direla. Artzain-txakurraren funtzioa artaldea babestea da, batik bat otsoen erasotik; halaber, ganadua zaintzeko baso-larretan mastinak izaten dituzte. Logikoa denez, eginkizun hori betetzeko, aske eta muturreko gabe egon behar dute. Kontua da, ezjakintasunagatik edo animalia babesten dutelakoan, hor datozela, «salbatzaileak», dena epaitzen eta salatzen; badaude txakurra aske ikusita, norbaiti eraso diezaiokeelakoan, txakurra hartu, zintzarria kendu edota txakurtegira deitu dutenak. Are, baserrian lotuta badago, tratu txartzat har lezakete; aitzitik, aske izanez gero eta etxetik urruntxo (seguruenik basurderen baten arrastoan, senari jarraiki), abandonatutzat. Ikusi ditut nik, ba, hirietan, txakurrak balkoian, arratsalde osoan bakarrik eta zaunkaka. Eta zer esanik ez, ume txikiak bailiran dituztenak. Zilegi deritzot muturreko egoeratan neurriak hartzeari, izakien osasunean edo ongizatean eragina badu; horrek, ostera, ez du alderik baserri inguruan edo hirian.
Ikasi da zer egin suterik ez eragiteko, baita zaborra etxera eraman behar dela ere, ez dela han-hemen botata utzi behar. Era berean, kontuan izan behar da lur sailetako pasabideak aurkitu diren moduan utzi behar direla, irekita edo itxita; abeltzainak arrazoi bat duelako horiek horrela edukitzeko; ez dela abereengana hurbildu behar euren lekuan baitaude; eta txakurrak lanean diharduela… Errespetatu egin behar da. Batzuek bulegoan, enpresan edo dena delakoan jardun moduan, beste batzuek nekazaritzan eta abeltzaintzan. Hortixik bizi dira. Errespetua zor zaie.
Zorionez, gutxi omen dira horrelako jarrerakoak, gehiengoak gizalegez jokatzen du. Bizikidetza da gakoa. Elkarrekiko begirunea. Gogoratu dezagun gure eskubidea bestearena hasten denean amaitzen dela.