Danel Lauzirika: 'Gotorlekuaren arrakalak'
“Urkullu da bide bakarra!» oihukatzen zuten domekan hainbat PNVzalek Sabin Etxearen aurrean. Lasaitu ederra hartu zuten, nahiz eta hasieratik itunen bitartez euren tronua bermatua izan. Jeltzaleak eurentzat propio eraiki eta dekoratutako Ajuria Enean instalatzea ez da albistea. Bigarren B mailako zutabegile honen aburuz, EAEko hiru parlamentaritik bi abertzaleak izatea da berritasuna.
Kontua gurera ekarriz, domekako emaitzek argi erakusten dute PNVren hegemonia kolokan dagoela Busturialdean. Jeltzaleek aspaldi jo zuten goia. Oraingoan 1.900 boto galdu dituzte; horrekin batera, 2009an D3Mri boto baliogabea eman ez zion jendeak, edo orduan adin txikikoa zenak, ez du bat egin Urkullurekin, EH Bildurekin baizik.
Azken aldian habeak ugertzen ari zaizkio Urdaibaiko gotorlekuari. Sabinoren gorpuzkien hilobi eternalak ez du lehen beste boto eta botere ematen. Aittitte-amuma askok ez du asmatu lege zarrak transmititzen, eta euren ilobek bat egin dute gorri separatistekin. Argi adierazi du gakoa Antonio Basagoiti Handiak: hauteskundeen emaitza Euskal Eskola Publikoko lehenengo belaunaldiaren bozken ondorio izan da. Apur bat desbideratuz, esan beharrean nago analista bikaina dela PPren burua, hauteskunde hauei gatza eta piperra jartzeko gai izan den bakarra.
Eskualdeko emaitzak osotasunean aztertuta, garaile morala ezker abertzalearen koalizioa izan da. Hogei herrietatik hamaseitan irabazi dute jeltzaleek, baina hori itsuak ere ikusten zuen. Alderdiak tradizio luzea du ohituren maitaleak nagusi diren lurralde honetan; hala ere, pixkanaka aldatuz doa kontua.
Bilduk alkatetza duen herri batzuetan (Elantxobe, Bermeo, Busturia eta Gernika-Lumo) PNVk irabazi du, baina hori ez da berria Urdaibai ongi ezagutzen duenarentzat. Busturialdeko biztanle asko eta asko PNVren magalean hazi da. Benetako termometroa udal hauteskundeetan dagoelakoan nago. Horietan jeltzale ugari ez da Alderdiaz fido, beste kudeaketa eredu bat gura du. Gero, herrian nahi ez duena (EAJren kazikismoa, udaletxea cortijo bihurtzearen arriskua) inertziaz hobesten du Busturialdeko biztanle klasikoak hauteskunde autonomikoetan.
Domekan Gernika-Lumon izandako emaitzak dira aldaketaren adierazgarri. Orain dela urte batzuk pentsaezina zen Jaurlaritzarako hauteskundeetan PNVk ezker abertzaleari 150 boto eskaseko aldea ateratzea. Herri txiki batzuetan ere (Arratzu, Mendata, Ereño, Ibarrangelu edota Murueta) ezker abertzalearen aldeko apustuak nabarmen egin du gora. Kasu horietan jeltzaleek ozta-ozta irabazi dute, alde nabarmenik lortu gabe, eta horrek erakusten du eskualdea aldaketa bidean dagoela.
Hori bai, teoria guztiek dituzte hankak motz, historia guztietan daude galiarrak. Haizearen kontrako borrokara ohitutako marinelen gisan, bermeotarrek oraingoan ere erakutsi dute euren izaera berezia. Eskualdean emandako aldaketak ez du isla nabarmenik izan Bermeon. Nahiz eta PNVk 900 boto galdu, erraz nagusitu zaio Bilduri. Busturialdeko beste mugan, berriz, udal hauteskundeetan hobetsitako aldaketa finkatu dute muxikarrek.
Busturialdea ez da Lea-Artibai. Bakoitzak bere izaera du; eskualde horietako herritarrek euskaltasuna modu ezberdinean bizi dutela ere esango nuke, hori esatea zilegi bada behintzat. Hala ere, aldaketa nabari da gurean, eta hori oso esanguratsua da. Lehen ez bezala, EAJren estatutu berria eta erakundeak kudeatzeko eskuin besoa baino zerbait gehiago gura du Busturialdeko biztanle askok. Urkullu ez da bide bakarra.