Danel Lauzirika: "Batak ez du bestea kentzen"
Baziren bizpahiru denboraldi Urbietan azkenekoz egon nintzenetik. Banekien ederto zebiltzala, sekulako denboraldia egin duela klubak herriko gazte talde sasoiko eta indartsu baten eskutik. Askok bezala, herriak bizi zuen ilusio olatu txikiak ninderaman play off-eko azken partidara, saririk politena izan zezakeen finalera. Hala ere, aitortu behar dut, ez nindoala zeharo pozik, banuen oreka faltak eragindako traizio sentimendu txikia.
Izan ere, handirako joera bizi dugu gehienok: Eroskiko sagar beti horiak auzoko fruta dendakoen ordez, ezdakit zein webgunetan saltzen dituzten zapatilak etxepeko kirol dendakoen partez, Yelmo Lizeoren kaltez. Halatan, kapitaleko taldeak zoratzen gaitu futbolzale gehienok, herrikoa bazter utzita. Beste batzuek, ordea, badute biak orekatzeko dohaina, batak ez du bestea zertan kendu.
Bata zein bestea, jarrera biak dira zentzugabeak haien burua besteon gainetik kokatzen duten santujale modernoen ustez. Futbolzaleok, eta are jarraitzaileok, Marxen langile alienatuen pareko omen gara, gertuko zein urrutiko gertakariekiko ezaxola azaltzen dugun estralurtarrak, mundutik aparte bizi eta iraultza egin beharrean denbora alferrik galtzen dugun gizagaixoak. Berriz ere kontu bera: batak ez du bestea kentzen.
Errazkeria da bertan goxo egin eta futbola negozioa baino ez dela salatzea, sutsuki gaitzestea biolentzia eta haserre zentzugabeak baino ez dituelako sortzen. Zuzentasun politikoaren etsaiak ez dira konturatzen denak duela harrotasuna oinarri, haien jarrera ideologikoak barne. Edo antisistema horiek ez al dira harrotzen futbola ez ikusteagatik? Ez al dute miresten euren buruargitasun kritikoa? Gure taldeak partida zaila irabazi ostean tiffosia eta biok harro gaitezkeen beste tentetzen dute kalparra gurekiko nagusitasun ideologikoa baieztatzen dutenek. Hori bai, ez dut uste guk beste gozatzen dutenik.
Harrotasuna eta harrokeria ez dira gauza bera. Nahas daitezke, uztartu ere bai, baina zale gehientsuenek dutena harrotasun sanoa da, inor mintzera iristen ez dena. Aurten Eibarko jendea inoiz ez bezala harrotzea eragin du bertako taldeak, herri serntimendua areagotzea. Bermeotarrek Urdaibairen bidez bizi dutena antzekoa da, eta, beste maila batean, zer esanik ez Madrilgo Vallecas eta Hanburgoko Sant Pauli bazter auzoetako futbol taldeek lortzen duten barne-kohesioa Goliatekin borrokatzen diren aldiro.
Beste edozer bezala, zeharo obsesibo bihurtzen denean kezkatu behar gaitu kirolak, errealitateko beste gauzak egitea eragozten digunean. Bitartean, poztu gaitezen Gernikako klubeko gazteek egin dutena bezalako balentriekin, ederra da eta. Zorionak guztiei, batik bat Potxorrio tifosi handiari.