Dabid Zelaiaren sua
Eduardo Galeanok Un mar de fueguitos izeneko ipuinean munduko pertsona bakotxa su bat dala ideia adierazten dau.
Haren berbetan:
«…Cada persona brilla con luz propia entre las demás…» Eta baita be:
«…Hay fuegos que arden la vida con tantas ganas que no se puede mirarlos sin parpadear y quien se acerca se enciende».
Dabid Zelaiaren heriotzaren barri izan nebanean, Galeanoren ipuin honetaz gogoratu nintzan, niretzat, bat datorrelako bere nortasunagaz. Galeanok aipatzen dauen sua Dabidek gehienoi ezinezkoak iruditzen jakuzan proiektuetan jartzen eban ilusioan ikusi dot, eta testuak dinon moduan, hurbiltzen jakozenengan be, su hori piztea lortzen eban.
Dabidek herriarengandik eta honen beharretatik praktikatu eban «politika de base» deritzana, testuinguru oso zurrunetan aldaketak lortzeko borroka eginez, beti be herritarron bizitza hobetzeko helburuagaz.
Horrela, adibidez, hain zorrotza den Hezkuntza Sailagaz, Guraso Elkarteak asko borrokatu ostean, Gernikako Herri Eskola Publikoan, Allende Salazarren, jantoki kudeaketa eredua aldatzea lortu eban, gainerako eskola-jantokietarako be autokudeaketarako bide barriak zabalduz.
Testuinguru honetan, Allenden irakasle nintzela, ezagutu neban Dabid. Irakasleoi ezinezkoa iruditzen jakuna, hain zuzen be, 600 ikasletik gorako jantoki batean gurasoen kudeaketa lortzea, berak barre egin eta baietz posible zela esaten euskun. Eta bere taldekideen kemenagaz lortu zen, Allende eskola honetan ere eredugarri bilakatuz.
Erakutsi euskun, gainera, hain tamaina handiko eskola-jantokia, eskola eragileen inplikazioa izanez gero, aurrera eraman ahal dala gure seme-alabentzat horren garrantzitsua dan behar bezalako elikadura (gertukoa, ekologikoa, bertan egindakoa) izanik. Eta hori ez ezik, proiektugaz ingurumena zaintzeaz gain, etorkizuneko bermea be eskaintzen jakela bertako nekazariei.
Honen moduko proiektuen atzetik, ezinbestean, talde lana dago, eta hor dago, nire eretxiz, proiektuak izandako arrakastaren arrazoi nagusietakoa. Nire kasuan, Allende eskolako metodologiagatik, beharbada, taldean lan egitearen garrantziaz jabetu nintzen. Funtsezkoa iruditzen jat taldean lan egiten ikastea, eta ikasteko modurik eraginkorrena praktikatzea da. Hor daukagu irakaskuntzako erronka potoloa.
Dabid bezalako pertsonak, guztien elkarlanean sinesten dabenak, inspirazio iturria dira gaurkoa moduko gizarte indibidualista eta egoista honi aurre egiteko: oinarritik, herritarron parte-hartzeagaz eta alkarlanetik gizartea hobetzeko bidea eginez.