Bye bye radiata
Meteoa ez dator garaiarekin bat. Jaiki, leihora korri egin eta zerura begira jartzen da bat goiko horrek gaurkoan zer dakarren zain. Baina, momentuz, kontu bera behin eta berriz eta horrela burua galtzeko zorian gaude. Egokitu, datorrena gozatu edo denbora alperrik galdu. Hor dago azkenaldiko koxka. Eta borroka horretan, denetan bezala galtzaileak zein garaileak daude.
Guregan ezezik, biltzen gaituen paisaian ere zeresana ekarri du ezegonkor, aldakor edo ezohiko bezala izendatu dugun modako klima honek. Urte batzuk dira gure mendietan agintzen zuen espezieak ezusteko jipoia hartu zuela. Gure basoetan aspalditik ezagutzen zen onddo batek, baldintza atmosferiko ezin hobe batzuez baliaturik, espero ez zen sarraskia ekarri du radiata edo insignis bezala ezagutzen ditugun pinuetara. Gauzak horrela, euskal basoen sektorea osatzen duten mendien jabe, zerrategi, zurezko industria zein administrazioari belarriak tente jarri zaizkie aurrean duten arazoa ikusita. Ekologistatzat burua dutenek berriz, monokultiboa dela eta, esperoa zen gatazka dela aurpegiratzen dute.
Kontuak kontu, arazoari irtenbidea aurkitzeko edo basoen egitura aldatzeko aukerak hor daude. Dena dela, istorioa korapilotsu honen galtzaileak nortzuk diren aldez aurretik dakigu. Baso jabe minifundistak. Baso kudeaketa edo dibertsifikaziorako azalera nahikoa ez duten guzti horiek dira beldurrezko film luze honen protagonistak. Irtenbide errazenera jota, eukaliptoa aukeratuta, deabrudun jarri dituzte. 23.000 hektarea tutu batzuek 300.000 hektareako baso masa, euskal hidrologia eta atzetik datozen haien ondarea kolokan jarriko dutela iragarriz. Beste apustu bat egin nahian, burua hausteko prest agertu diren bakan horiei berriz, bidea argitu beharrean, botanikako irakasleak bailiran 15-20 bat espezieko zerrenda jarri zaie aukeran. Chamaecy, paris, larix, abies, picea, pinaster, pseudotsuga, quercus rubra, cryptomeria, sequoia, fagus, acacia eta abar luze bat. Hartu, ondo pentsatu, bakoitzak duen egoera eta lehentasunen arabera egokiena aukeratu eta martxan jarri. A ze nolako erronka! Animo txo! Egurre!
Naturaren zaindari izendatzen diren ekologista horiek ezta betidaniko basogintzaren defentsan diharduten besteek. Ezker ez eskuin. Ez dira jendeak benetan behar duena eskaintzeko gai izan. Mailako aholkularitza eta kudeaketa proposamenak alegia! Zorionez, denean bezala, badira gaia aztertu eta modu apalez zein borondate osoz ugazaba hauei laguntzen saiatzen ari diren profesional bakan batzuk. Baina esan dudan bezala, gauza ez da aldez aurretik adostu eta pentsatutako era harmoniatsu batetan jorratzen ari. Eta pena da.
Horrela, gorputzak eta natura bera klima berri honetara ohitzen diren bitartean, gure basoak eraberritzen doaz. Momentuz, espezie ezberdinen kolore paleta bat osatuz. Dali maisuaren surrealismo koadro bat irudikatzen. Azken finean eta gizartearen tamalez, gutxienez hurrengo ehun urteetan aginduko duen paisaian, monokultiboa ez, baina bai kaosa inposatuko delarik.
Funtsean, basojabeak umezurtz eta administrazioa zein beste aldekoek baso panorama ondo bideratzeko zuten parada galtzen. Bye Bye radiata.