Bizitzeko gogoa
Bizitza bat da. Hasi eta bukatu. Bakarra. Halere, bidean badira gorabeherak. Horrela, ibilbide honetan zehar arrazoi ezberdinei lotzen gara momentu goibelei argi printzak margozteko edo aro pozak indartzeko. Askotan, berriz, hor goaz. Itsas mareen kontura eta modura. Aurrera. Abant. Itsas korronteek gidatuta. Normaltzat jotzen dugun zurrunbilo hortik irten ezin. Burujabe bai, baina tokiko korrontearen menpe. Denbora joana. Galdua, alegia.
Bizitza bat da. Bere balioa du. Potoloa. Gehienetan behar duen mailan baloratzen ez duguna. Eta hor goaz, egin nahi genuen hori atzeratzen. Beharrezkoa zen hura saihesten. Egiteke geneukan dei horri uko egiten. Baina batzuetan, zorionez, nahi ez genituen istorioak ezagutzeko aukera izaten dugu. Adorea, lana, bizipoza, izerdia, samurtasuna, negarra, garaipena eta beste hainbat kalifikatiborekin osatu ahalko genituzke kondairak. Zergatik ez, latzak. Baina era berean politak eta goraipatzekoak.
Hau da Ainhoa Elorriaga Baraiazarra Elorri-k oparitu digun bizitza. Berea. Bakarra. Ederra eta gogorra. Baina hor doa, bizitzari aurre egiten baino bizitzaz gozatzen. Motel edo arin, baina beti martxan. Itsaso nahasiak gailentzen. Branka eta popa zuzen mantenduz bizitzeko gogo itzela duela erakusten. Beti kontuetarako nahi. Nonahi, lagunarteko solasaldi amaigabe horren zain.
Hori da bihar, larunbata, urriak 8, 19:00etan Busturiko Altamira auzoko kultur etxean gertuagoko diren lagun eta familiari zein hara gerturatuko garen urruneko ezagunei kontatuko diguna. Bizitza bat. Berea. Bakarra. Aukeran duguna. Topera bizi beharrekoa. Milesker Ainhoa!