Bizitzaren loteria
Bizikidetzako eskoletan ikasleekaz lantzen neban gaietako bat Bizitzaren loteria zan; loteria kontzeptua kasualitate askoren emaitza gisa ulertzen genduan.
Gaiaren nagusia enpatia garatzea zan, hau da, beste pertsona baten egoera ulertu eta haren lekuan jartzeko gaitasuna. Halako gaiak lantzen diranean, ezinbestekoa izaten da, batetik, irakasleak berak eskaintzen daben eredu pertsonala, eta, bestetik, talde-dinamika kooperatiboak erabiltzea; izan be, jarrera-aldaketa esanguratsuak lortu gura badoguz, diskurtso teoriko hutsak baztertu eta jarrera-aldaketa errealak bilatu behar doguz.
Danon aretan aztertzen genduan zein egoera eta baldintza jatorkuzan kasualitatez, «bizitzako loterian» emonda:ez ziran ez gitxi, ez eta garrantzi bakoak be. Arlo sozialean, adibidez, nun, noiz, zein ingurunetan eta zein familitan jaio garan. Arlo pertsonalean, barriz, sexua, itxura fisikoa edota gaitasun mentala. Jaiotzerakoan horreetako bat be aukeratu ez arren, gure bizitza baldintzatu dabe, eta baldintzatzen jarraitzen dabe.
Gaiari lotutako jardueretako bat bingo-jokoa izaten zan. Jokoan pertsona-ezaugarri desberdinak ateratzen ziran, eta parte-hartzaileek, zozketaren ondoren egokitutako ezaugarrien arabera, beste pertsona baten rola hartu behar izaten eben. Suertatu ahal jaken, esaterako, azal iluneko emakume bat izatea, seme-alabakaz eta baliabide ekonomiko eskasduna. Rol horretatik, eguneroko egoerak «bizi» behar izaten ebezan: lana galtzea edo gaixotzea, eta horrek dakartzan kezkak kudeatzea; etxebizitza bilatzea, ordainagiriak ordaintzea, etxeko lanak egitea, aisialdia antolatzea…
Jarduera hau, beste pertsona baten ordezkapenarena, hainbat saiotan zehar errepikatzen genduan, rol horren egoera eta aldartea barneratzen ebela ziurtatzeko. Horrela, enpatia lantzeaz gain, nerabeen artean maiz agertzen diren harrokeri jarrerak kolokan jarri, apaldu eta bideratzeko tresna egokia bihurtzen zan.
Azken batean, galdera berak geratzen ziren airean: zenbateraino gara gure erabakien ondorio eta zenbateraino zoriarena? Zer gertatuko litzake mapan bi zentimetro beherago jaio izan bagina; Marokon, Senegalen edo bestelako errealitate batean? Eta, horretatik abiatuta, zenbateraino gara justuak geure ikaskideak, itxuragatik, azalaren koloreagatik edo diru faltagatik bazterrean ixten doguzanean?
Agian, gogoeta honeek helduengana be zabaldu beharko geunkez, batez be autoritarismoagaz eta indarraren erabilereagaz hain eroso sentitzen diran gizon gazte askorengana. Enpatia ez dalako «ikasgai» bat bakarrik, alkarbizitzarako oinarria baino.