Normalean gizonezkoakaz lotu arren, arrantza arloan oso paper garrantzitsua jokatu dau beti euskal emakumeak. Gitxi dira lehorrean behar egiten daben gizonak. Esaterako, kontserba industriatako beharginen %85 andrazkoak osatzen dabe. Emakumeak dira trainak (baxurako sareak) konponduten eta arraina deskargetan diharduen behargin guztiak.
Batzuk argi izan arren, sarritan nahastetan dira neskatila, saregile eta sareginen ofizioak. Neskatilak, andrazkoak dira eta enbarkazinoa hustuten eta arraina iragoten, transportetan, lagunduten dabe. Lehen, euren beharra portuan, baporeantzako ikatza eta bizigaiak prest eukitea, etxerik etxe itsasorako ordua zein zan esatea, eta arrainak kofradiara eroatea zan. Zapatuetan, arrantzaunikoaren prezioa azalduten eban salio edo longanaduaren bila joan behar izaten eben kofradiara, ostean, bankuan arrantzauniko pisuaren arabera kobratzeko. Bapore bakotxak gitxienez neskatila bi izaten ebazan.
Saregileak eta sareginak, barriz, sare konpontzen diharduen portu gizon-emakumeak dira. Saregileak gizonezkoak dira, eta arrasteko sareak josten dabez. Sare horreek handiak dira eta ez dira josten gatxak. Askotan arrantzaleak eurek dira saregile egiten dabenak. Sareginak, baina, andrazkoak dira, eta trainak konpontzen jarduten dabe.
Sareginen lana ez dago bape aintzat hartuta eta gehienetan ez dabe ez behar-ordutegi ezta egutegi jakinik be. Itsasontzia portura heltzen danerako itxaroten egon behar izaten dabe sareginak, eta askotan iluntzen hasi arte beharrean jarraituten dabe. Gauez, ardorean dabilzen arrantzaleak, kanpainaka ibiltzen dira, halanda ze, ez dabe ezta jai egunik izaten.
Berdel eta antxoarenak dira sareginentzako lan gehien emoten daben kanpainak, sareak apur-apur eginda bueltetan diralako portura. Udan, ostera, ez da halako behar handirik izaten, hegaluze sasoia da eta horreek eskuz atrapetan direlako.
Euria, edurra, inetasia dala, kalean eta ezelako aterpe barik egin dabe behar beti portuko andreak.
Baldintza horreetan lan egitea penaza balitz, saregin eta baita neskatilak, autonomo moduan kotizatzen dabe. Aldizkako beharra da, eta orduko kobratzen dabe. Egiten daben beharra hain txarto dago ordainduta ze, askotan ezin izaten dabela gizarte segurantza ordaindu.
Gizonen artean sarritan entzun izan da sareginek primeran pasatzen dabela lanean, berba egitera eta kuxkuxeatzera joaten dirala, eta lana ez dala horren gogorra.
Dinot, baina, portuko andren beharra beharrezkoa dala ardoreko itsasontzien sarea osatzeko, sareak gauero prest egon daitezan, barriro be itsasoratzeko. Halanda be, emakumean behar hori ez da gizonezkoenaren lain balioesten.