Bidaia baten gogaia
Edozein bidaik zeresan asko ematen digu. Gainera, zenbat eta toki desberdinagoagora joan, orduan eta zeresan gehiago izaten dugu. Gero eta bidai gehiago egiten dira munduko bazter guztietara. Baina pertsona bakoitzak bere bizipenak izaten ditu. Toki berdinak bisitatu arren, bakoitzak bere ondorioak, eta askotan, oso desberdinak, ateratzen ditu. Eta zer esan, toki desberdinetan ibili baldin bada. Kasu honetan, ni Kolonbiari buruz ariko naiz. Eta kontuan hartzen badugu bere hedadura (1.141.748 kilometro karratu), Espainia baino bi aldiz handiagoa, bisitari bakoitzak ikuspegi oso desberdinak izan ditzakezke.
Hemen, gure artean, Kolonbiak izen txarra dauka, ia Hego Amerika guztiak bezala, baina denen artean beharbada, berak izango du okerrenetakoa.
Urte askoan beraien arteko indarkeri bortitza jasan du, eta horri, beraiei egindako kalteari, atzerrian eman zaion izen txarra gehitu behar zaio. Euskal Herriak ere horrelako zerbait pairatu zuen. Gaur egun, mundu guztiko hirietan, ziurtasun eza gehitu egin da. Edozein tokitan, jende asko elkartzen denean, neurri bereziak hartzen ditugu; herri txikietan ere bai.
Toki guztietan eta une guztietan, sen ona erabili behar dugu. Horrela jokatuz gero, lasai ibiltzeko moduan izango gara. Kolonbian ere bai.
Natura aldetik, paisaia ikusgarriak dauzka. Bertatik pasatzen dira Ande mendiak, Hego Amerikako mendebala, iparretik hegoaldera zeharkatzen duen mendilerro handia eta munduko luzeena (8.000 kilometro). Landaretza askotarikoa eta ugaria da. Mendi tarteko lauta- detan lur emankorrak, oparoak, aberatsak ageri dira. Tenperatura gozoa du. Ez da berdina alde guztietan. Altuera desberdinak dauzka, eta horren arabera toki batzuk freskoagoak dira. Baina oro har, aldaketa gutxi izaten ditu.
Horrelako natura izan eta, baten batek galde dezake zergatik etortzen diren hainbeste kolonbiar Europa aldera. Erantzuna ez da zaila. Lurrak ez du aberastasunik ematen, gutxi batzuei salbu. Hemen ere kasu hori ezagutu dugu. Baserritarrak aspaldi utzi zuten lurra lantzea, industrian lan egiteko. Han ere, badaude enpresak, baina langabezia handia da.
Hego Amerika guztian, Ipar Amerikako eta Europaren mitoa dago. Ahal dutenek alde batera edo bestera joatea dute helburu. Europarrak eta gure kasuan, euskaldunak ondo kontsideratuak dira. Horietako baten berri izan dut bidaia honetan: Jaime Zorroza Landia, Morgako Zorroza baserriko semea. Osaba apaizak deituta Kolonbiara joan zen, eta Ibague izeneko hiri handian lan bikaina egin zuen. Bere enpresen bidez, lanpostu asko sortu zituen. Bertako unibertsitateko sorreran zerikusi handia izan zuen. Berdin ume eta zaharren egoitzetan.
Gudan zauritutakoentzat ere etxebizitzak eraiki zituen. Bere lanerako gogoa, sormena eta eskuzabaltasuna sarituak izan ziren 1500.000 bizilagunetik gora dituen Ibague hirian eta Tolima Departamentuan.
98 urterekin hil zen arte, lanean jarraitu zuen. Bere bizitza, kristau fedean oinarrituta, bere hitzetan, eredutzat hartu da.