Beste batzuen ikuspuntutik
Ezer baino lehen, lerro batzuk idazteko aukera eskaini izana eskertu nahi diot Hitzari. Egunkariko atal honetan, azken urteetan irakasle moduan bizitako erronka bat partekatu nahiko nuke; gure artera atzerritik etorri berri diren gaztetxoen euskalduntze prozesua, hain zuzen ere.
Nahitaez, denok ohartu gara migrazioaren fenomenoaren hazkuntzaz, gurera datozenak banakakoak izateaz gain, adin guztietako seme-alabak dauzkaten familiak ere badira. Beraien borondatearen kontra sorterria, familia eta lagunak urrun utzi behar izan dituzte ezezaguna zaien beste herri batetara heltzeko. Seme-alabentzat lekualdatze honek ondorio konplexu eta esanguratsuak dakartza: lagun, irakasle eta eskolaratze berriak. Gurean, gainera, hizkuntza berri batean bizi eta hezi behar izatea. Aldaketa horiek modu desberdinean bizitzen dituzte, adina integrazio prozesua zailtzen duen faktore esanguratsua izanik . Hori dela eta, arreta jarri nahi dut gure ingurura iristen diren 8-12 urte bitarteko gaztetxoengan.
Adin tarte honetan lagun-taldea osatu ohi da, non ikaskideen iritziak garrantzi izugarria hartzen duen eurengan. Eta jakina, bizipen hauetan pairatzen dituzten lotsa, ziurtasun falta edota bestelako oztopoek eragin zuzena dute euskararen ikaskuntzan.
Bestetik, menperatzen ez duten hizkuntza batean ikasketak egin behar izateak emaitza akademikoak baldintzatzen ditu, hauek ia beti kaskarrak izanik. Eta gu, euskal gizarte bezala, ohartzen al gara gure herriaren etorkizuna izango diren gaztetxo hauek integratzeko pairatzen dituzten oztopoez? Ohartzen al gara ez dituztela txikitatik euskaraz hezitako beraien ikaskideen aukera berdinak? Ohartzen al gara zer-nolako zailtasunak izango dituzten gizarte mailaz igotzeko, hau da, «igogailu sozialean» gora egiteko?
Erronka izugarria da, baina ikastetxeek bakarrik ezin diote erronka honi aurre egin. Euskararen irakaskuntza arlo akademikotik haratago joan beharko litzateke, eta emozioak, dibertsioa eta harremanetarako bitarteko bihurtu. Hala, aisialdiak, zeregin honetan protagonismoa izan beharko luke. Burutu daitezkeen ekimenak: lehentasuna ematea herriko aisialdi jardueretan, udal liburutegietatik eurei egokitutako proiektuak martxan jartzea, zinemetan gaztetxoei zuzendutako euskarazko filmak jartzea, euskaltegietan adin hauetarako taldeak sortzea, besteak beste. Aukerak mugagabeak dira.
Erronka polita herri bezala aurrean daukaguna!