Berandu izan baino lehen
Zaintzen ez dena zahartzen da, ahazten da. Zaintzen ez denak hautsa hartzen du; apurka-apurka hausten da. Aspaldi amak oparitutako kamiseta gorria gero eta atzerago doa armairuko kajoian. Urteetan zehar kamiseta-dorrearen gainean egoteagatik egindako borrokan, amore eman du dagoeneko. Tiraderako ezkerreko izkina da bere bizitoki berria. Argia, babesa eta aukeratua izatearen poza sentitzen zituen lehen; orain, berriz, jabea berataz ahaztu ote den galdetzen du maiz. Jakin badaki behin atzealdera iristen denean, inor ez dela berataz gogoratuko, eta umela zein iluna den leku horretan hilabeteak pasatuz gero, ez dela atzera-bueltarik egongo. Orduan hasiko dira ugazabaren damuak: «Hobeto zaindu izan banu…». Zaintzen ez dena zahartzen da, ahazten da. Zaintzen ez denak hautsa hartzen du; apurka-apurka hausten da.
Etxe azpiko kafetegian Anttonek egiten du lan; negozioak ongi funtzionatzen duen arren, ez daki zergatik usteltzen zaion horrenbeste behi-esne. Egun, olo-, soja- eta almendra-esnea dira nagusi. Modari leporatzen dio errua; hala ere, berak lehenengo behi-esnea zerbitzatzen ikasi zuen, eta horri eskainitako maitasuna ez dio beste ezeri eskaintzen. Behi-esneak eskaintzen dion jokoa ez dio beste ezerk ematen. Bezeroen erabakiak errespetatu behar direla argi dago, baina ekin eta ekin jarraitzen du astero-astero Kaikuko banatzaileari duela bi urte bezainbeste behi-esne eskatzen. Moda noiz aldatuko den zain, betikoa noiz bueltatuko den, edo eskaria aldatu behar izango ote duen jartzen ditu balantzan.
Goizero egun-argi egin bezain pronto parkeko lore berdeek bizirauteko ahalegina egiten dute. Loratzea bigarren mailako betebehar bihurtu zen, hiltzeko arriskuan zeudela ohartu zirenean. Ez da erraza kresala nagusi den leku horretan zutik mantentzea; izan ere, egunero-egunero ehunka herritarren zein txakurren oinatzek zapaltzen dituzte. Asko dira jasaten dituzten kolpeak, gehiegi. Uda sasoiko oinetakoen zolak bigunagoak direla diote geranioek, eta eguzkiaren izpiekin batera errazagoa ei da oreka mantentzea. Zapalduak izan arren, herriko parkea apaintzen jarraitzen dutenez, inork ez du ureztatzearen beharrik igartzen, baina ureztatzen ez diren landareak laster usteltzen dira.
Amak oparitutako kamiseta, Anttoni soberan gelditutako behi-esnea eta zapaldutako landareak euskara izan daitezke; egunerokotasunean gero eta gutxiago erabilia da, baztertua eta zapaldua. Gaur, bizirik dirau; bihar, ez dakigu.
Topikoa dirudien arren, denok eman behar dugu zerbait, gutxi batzuk dena eman ez dezaten.
Zaintzen ez dena zahartzen da, ahazten da. Zaintzen ez denak hautsa hartzen du; apurka-apurka hausten da, desagertzen da.