BATU DITZAGUN INDARRAK PARTIDA BOIKOTEATZEKO
Urriaren 20an FIBAk hartutako erabakiaren berri izan genuen: Israelgo Elitzur Ramla taldeak Gernikako Maloste polikiroldegian Lointek taldearen aurka bi partida jokatuko ditu. Hori jakin bezain pronto, Palestinarekin Elkartasuna plataformatik salaketa publikoa egin eta prentsaurrekoa burutu genuen, partida horren aurkako boikota aktibatzera begira. Gure ustez, onartezina da talde israeldar batek normaltasun osoz jokatzea. Horrelako kirol ikuskizunak, Israelgo estatu genozidaren aurpegi zuriketarako tresna bat dira.
Ordutik, martxan jarri gara, kalean jendea informatzen, bilera informatiboak egiten eta asanblada irekiak deitzen, besteak beste. Gure helburua argia da: Gernikako herritarrak aktibatzea partida gelditzera begira. Norabide horretan, zapatu honetan kaleak hartzeko deialdia egin dugu, manifestazio baten bidez partida bertan behera gelditu dadin presionatzeko. Horrekin batera, partida egunetan, azaroaren 25 eta 27an, Malosten mobilizatuko garela iragarri dugu.
Harrera ona izaten ari da salaketa, eta asanblada jendetsuak antolatzen gabiltza. Eskualdeko herritar askok argi daukagu: ez dugu onartzen talde israeldar batek gure herrian jokatzea eta gure esku dagoena egingo dugu hori saihesteko.
Bestetik, pasa den barikuan, Gernika-Palestina ekimenak prentsaurrekoa deitu zuen. Bertan, egoera salatu eta manifestazio propioak deitu zituen: larunbaterako guk deituta genuen manifestazioaren aurreko egunean eta bigarren partida egunean, partida hasi baino ordubete lehenago. Azken manifestazio honek gutxi eragin dezake partidan, ordurako sionistak berotzen egongo baitira lasai asko. Hau horrela, zalantza ugari sortzen dizkit deialdi horrek. Partida hori “ezin dela onartu” esateaz gain, badu benetako boikoterako asmorik?
Plataforma batek iniziatiba hartu zuen partida gelditzera begira antolatzeko. Zein helburu dauka beste deialdi batzuk egiteak boikota deitu gabe? Boikota boikoteatzea? Jokaldi honek lortzen duena partida gelditzeko batu daitezkeen indarrak banatzea eta alperrik galtzea da. Ez dugu ezer ikasi “La Vuelta”tik? Zertarako mobilizatuko gara, partida gelditzeko ez bada?
Martxan jarri ditugun asanbladek erakusten dute ikuspegi ezberdina daukan jende ugari batu gaitezkeela Israel boikoteatzera begirako borroka komun batean. Eta horrela izaten jarraitu behar du. Bide horretan, asanbladek irekiak izaten jarraitzen dute, eta gonbidapena luzatzen diogu herritar orori bertaratu eta borrokara batu dadin. Israelgo taldeak ez Gernikan ez inon.