Bakea, osasuna eta dirua
Urte barri on Hitza lagunok, 2026ko lehen egun honeetan. Ohikoa da hasten dan urteari bakea, osasuna eta dirua eskatzea; urte hasierako desio nagusiak dira eta zuetariko askok be eskatuko zenduezan segurutik. Dana dala, hiruretatik be albiste aztoragarriak ailegau jakuz urte amaiera/hasiera honetan.
Diruaren txin-txinak emoten dauen pozak egun bat baino ez eban iraun Leongo Villamanin herrian. Jai batzordeak hainbat milioi banatu zituan herritarren artean, loteriako partizipazino bidez, eta ederto ospatu eben 24 orduz, harik eta tako bat administrazinoan ez ebela aurkeztu konturatu ziran arte. Lau milioiko zuloa tapetako bakotxak tokautakotik zatitxo bati uko egiteko proposamenak guztiz aztoratu eban herri osoa, batzuk alde eta beste batzuk aurka, herrian segurutik luzaro iraungo daben hasarre eta ezinikusiak eraginez. Diruaren alde biak, denpora tarte laburrean: emoten deuskun poz ikaragarria eta gizakion alderik txarrena atarateko daukan gaitasuna.
Osasunari dagokionez, urte barri goiza albiste latzagaz hasi genduan: 40 hildako eta 100 zauritu baino gehiago Suitzako Crans-Montana eski estazinoko taberna bateko sutean, gazte-gazteak ia danak. Hasieran kolpea emoten dabe honako barriek, nahiz eta urrunekoak diranean beti izaten dan txikiagoa. Baina kasu honetan, etxe barruraino ekarri deuskue gertakari mingarria, handik gitxira erreta hilko ziran edo larri zaurituko ziran gazteak suaren azpian kantuan eta dantzan ikusteko aukerea euki dogulako, hilezkortasunaren dohaina balebe legez, eurak grabautako irudietan. Jokabide zalantzagarria, gero izandako ondorioak kontuan hartuta, baina ahaztu barik lokalaren segurtasun gabeziek istripuan eta ondorioetan izandako eragina.
Amaitzeko, eta bakeari dagokionez, bere burua munduko jauntxotzat daukan Donald Trumpek argi itzi deusku urte hasiera honetan munduko bakea Gorbeiako tontorrean isiotutako kandela argia baino makalago dagoala, dana beharrean. Berarena ez dan herrialde baten sartu, presidentea harrapatu, AEBra eroan eta narkoterrorismoa leporatuta bertan epaituko dau, arauetan oinarritutako mundua hainkaz gora ipiniz. Hori guzti hori, Venezuelako petrolioa eta bestelako aberastasunak bereganatzeko asmoa ezkutau barik eta beste herri batzuei mehatxu eginaz, tartean Groenlandiari.
Bizi izaten gabilzan honek zalantza ugari eragiten deusku, baina gauza bat argi dago: urte gatazkatsua izango da. Bakearen dibisak beheruntz eta armagintzarenak goruntz, urteari eskatzen deutsagunaren guztiz kontrakoa. Dana dala, hasieran esandako hiru desio nagusiekin batera, badago kontuan hartzeko beste faktore bat be: itxaropena, desio horreek beteteko itxaropena. Ba momentuz horrexegaz ekingo deutsagu hasi barri dogun urte honi, eta ia guztia hobera doan!