Badoaz ikasturteak
Konturatu ere egin gabe, badoaz ikasturteak bata bestaren atzetik, eta gauzak aldatzen badoaz ere, hain nekez aldatzen dira batzuetan egoerak, batez ere guztion onerako direnak, ezer gutxi aldatzen dela ematen duela, atsekabeari bide emanez.
Eta arrazoirik ote dagoen atsekabe egoteko? Ba bai, egon badaude. Kontrakorako dauden bezala. Nork begia han jarri, gauzak era batera edo bestera ikusiko bait ditu. Baina inozoak ere ez gaitezen izan, ezin daiteke esan munduak onera egin duenik aspaldi honetan.
Ona da kutsaduraren inguruko kontzientzia gehiago izatea, nahiz eta kutsadura gorantza dihoan eta benetako botereek, munduko haundiek, eromenezko lasterketa batean jarraitzen duten. Plastikoa debekatu digute, ondo dagoena, baina beraiek kutsadura areagotzeko politikak indartu egiten dituzte.
Esklabutza amaitu zen orain dela mende pare bat, ageriko esklabutza behintzat, sasoiko ekintza garrantzitsuenetako bat gizatasunari dagokionez. Baina ezin dugu ezin ikusiarena egin gaur egungo esklabutza berrien inguruan. Ez gure herrian bertan dauden esplotazio egoerak, baizik eta benetako esklabutza egoerak munduan zehar.
Demokraziak… Uf, zer esan demokraziei buruz. Gauza ederra izan zen gizakiak pausoka-pausoka denaren gobernua denen artean egin behar zela lortu zuenean. Lehenik gizonezko burges eta langile zuriek lortu zuten res publikoan aritzeko eskubidea; gero emakumeak, beltzak, indigenak… Pertsona guztiek dituzte eskubide berdinak. Hitz ederrak. Amets ederrak. Baina ametsetik aspaldi esnatu gaitu boteretsuen trikimailu, engainu eta bortxakeriak.
Genero eta sexu eskubideen inguruan ere urrats galantak eman direla ezin ukatu, baina oraindik ere hain sinpleak diren hitzak, bakoitzak bere gorputzarekin nahi duena egin dezala inor kaltetzen ez duen artean, lortu ezina ematen du. Itxurazko berdintasuna omen dago, baina egunerokoak dira hori gezurtaten duten berriak gure «lehen mundu zibilizatu» honetan. Besteetan ere zeozer izango ote da.
Iraultza txiki eta haundiz lortutakoak atzerantza doaz momentu honetan. Baina itxaropenerako keinurik ere bada. Eguzkia, hondartza eta jaiak aurrean ditugun momentu honetan, ez ahaztu iraultzak egin, egin daitezkela. Hartu arnasa.