Ametsak
Gure burmuina, gau eta egun, etengabe lanean ari da, eta ondorioz, ametsak ere, gauez eta egunez izaten ditugu. Lotan ditugun gehienak fantasia handikoak izaten dira, kolore guztikoak, eta errealitateaz ezer gutxi izaten dutenak. Gainera, berehala ahazten ditugu. Batzuetan, pozez ahazten ditugu zorigaiztozkoak izaten direlako. Beste kasu batzuetan, baina, pena handiz esnatzen gara amestutako gertaera pozgarria amets hutsa izan dela jakitean.
Antzinean, ametsei garrantzia handia ematen zieten. Oso ezagunak dira, esaterako, Bibliako Testamentu Zaharrean kontatzen diren Egiptoko Faraoien ametsak, eta Josek, Jakoben semeak interpretatu zituenak. Amesten zutena, euren «jainkoen» mezuak zirela uste zuten.
Gaur egun ametsei ez zaie horrelako garrantziarik ematen, baina beste aldetik, gizakiok ez gara aspertzen, bai pertsonalki, bai sozialki ditugun ametsei eusten. Pertsona bakoitzak baditu bereak, bai profesional mailan, ekonomia mailan, eta bizitzak dituen beste mila alorretan; beti etorkizun hobe baten ingurukoak izaten dira. Sozialki, herritarrek, nazionalistek, mota guztietako gizataldeek ere badituzte ametsak. Gizarte arloan garrantzia handia hartu dute alderdi politikoek.
Teorian, haiek dira herritarren amets sozialei erantzuna emateko arduradunak, nahiz eta praktikan, eta sarritan, ez dituzten betetzen. Historian denetako kasuak izan dira; batzuk gizadiaren onerako eta beste batzuk zoritxarrerako. Agintari batzuen ametsek gizadia ondorio larrietara eraman dute, milioika pertsonen heriotza eraginez. Denok ezagutzen ditugu, batekoek zein bestekoek, garai guztietan izan diren gatazka larriak, eta zoritxarrez gaur egun ere badirenak.
Beste aldetik, beste ameslari batzuen ametsei esker, gizadiak aurrerapauso garrantzitsuak eman ditu eta ematen ari da, bizitza hobe baten jabe izateko asmoz. Izan ere, ikerlari, zientifiko eta beste milaka gizakiarren ametsei esker, denok gozatzen ari gara bizitza hobe batetaz. Asmaketa asko, bakardadean, isilean lortutakoak dira, inongo eta inolako laguntza eta propagandarik gabe. Ez daukate kirolariek duten miresmenik, baina beraiek asmatu eta praktikan jarritako lorpenei esker materialki askoz hobeto bizi gara, eta espiritualki ere euren lan eder askogaz gozatzeko aukera daukagu. Munduan zehar milaka monumentu arkitektoniko zoragarri, margolan ikusgarri, musika atsegin eta idazlan miresgarri ditugu. Horiek guztiak gizaki ameslarien lanak dira.
Amets guztiak ez dira baina egokiak izaten. Batzuk baztertzekoak izaten dira. Beste batzuk onartzekoak, nahiz eta noizbehinka, hasiera baten, ulergaitzak izaten diren eta denbora pasa behar izaten den horien balorazioa egiteko. Honek esan nahi du zentzu kritikoa beharrezkoa dela, bai eta nolabaiteko prestakuntza ere bai.
Bi errealitate desberdinetan bizi gara: materiala eta materiagabekoa. Ametsak, materiagabekoak izan arren, garrantzia handikoak dira eta bizitza pertsonalean eta sozialean kontuan hartzekoak.