Aspaldi honetan ezerk ez nau euki hain engantxatuta, ezta Hannibal telesailak bere kapitulurik txundigarrienetan ere; zelako kulebroia Arantza Quirogarena… Azalduko ete zan dagoeneko? Nik lerrook idazten dodazan bitartean dakigun azken datua da Euskadiko Alderdi Popularrak eguerdian egin dauan bileran ez dala agertu eta Nerea Llanosek esan dauala ez dakiela Quirogak Alderdi Popularreko presidentea izaten jarraituko dauan edo ez (martitzena da). Normalena litzateke zutabe hau argitaratzen danerako (barikua) Arantzaren barri izatea bestela, sarean bueltaka dabiltzan bromek seriotasuna hartuko dabe eta Paco Lobatoni deitu beharko deutsoe. Ai ene bada! Hau dok hau umoria!
Pasa dan astean ditxosozko «ponentzia» aurkeztu ondoren atzera bota behar izan zanetik desagertuta dago emakumea. Barikuan ez zan legebiltzarrera agertu eta asteburu luze honetan (hispanitatearen jaia tarteko) agertu be ez da egin. Non ete dago? Zeren zain ete dago ba? Ostrukarena egiten dabil? Bere alderdi kideek babes «osoa» erakutsi deutsoe bai Madrilen zein hemen, baina, babes pozoindua dala ondo daki berak. Ez da izango ba! Euskadiko Alderdi Popularrak urteetan eman gura eban pausorik esanguratsuena eta aurrerakoienaren aurrean zer eta bizkarra emon deutsoe; publikoki ipurdia bistan itzi dabe Quiroga, hutsaren hurrengo erabaki ahalmena dauela nabarmenduz. Eta orain babesa? Babes estrategikoa… Ez dau babes hori gurako, normala; eta horregatik jarraitzen dau «en paradero desconocido».
Halan diotsuet, egunotan hain modan dauzen telesail politikoetan ikusten diran azpijoko honeek zuzenean eta bizitza errealean jarraitzeak badauka bere morboa; ez balitz protagonista maltzur horreek dirala gure partez erabakiak hartzen dabezanak. Zer izango da hurrengoa? Zer esango dau agertzen danean? Zelan emon buelta egoera honi? Batzuek diñoe kargua itzi gura izan duala eta Madrilen ez deutsienez izten kordela eztutzen dabilela Quiroga. Baina noiz arte? Ez dakit nik bakarrik ez ete dan gelditzen ari ze Semperrek ere esan dau esan beharrekoa: «ez da desagertzeko momentua, auzo lotsa emoten deust Euskadiko Alderdi Popularra emoten ari dan irudia».
Ba nik uste, babes gehiago jaso behar ebala Arantzak, babesa euskal alderdietatik adibidez, ze egin gura ebana ez zan makala. Lorik ezin egin geldituko naz hurrengo kapitulua heldu bitartean.