Aurreko uda batean, izenburu bereko beste eritzi artikulu bat idatzi nuen Hitza honetan, Italiako maisu batek bere ikasleei jarritako udako lanen harira. Duela gutxi, beste maisu batek «nik neure kortxoan dut jarrita» esan zidan eta eskertzen diot, ilusioa egin zidan eta.
Orduko «udarako lanak» ikasleentzat ezezeik denontzako baliogarri izan daitezke: noizbehinka itsas bazterrean pasiatu, ikasitako hitz berriak erabili, ahalik eta gehien irakurri, lagunetaz gozatu, zinemara joan, deseroso edota huts sentiarazten dizuten egoera eta pertsonak saihestu, eguzkia bezain zoriontsu eta itsasoa bezain garaitezin sentitu…
Gehiago ziren, baina ez ditut bana-bana jarriko; horretarako daude hemerotekak eta gaur egun oso errez da klik batean aspaldikoak berreskuratzea.
Baina beste udako lan batzuk ere badaude, guk aste honetan jaso duguna esatebaterako, irailera begirako lanak uztailaren erdialdea doi-doi atzean utzi dugularik. Whatsapp labur bat izan zen, artxibo erantsi batekin. Bai, harritzen den horrentzat, baserritarrok ere badakigu WhatsApp erabiltzen, eta beharbada uste ez duzun beste gauza asko ere badakizkigu.
Tira, gure udako lanen harira itzul gaitezen. Zera zioen: «Aupa ekipo, uda ondo paseu, baina irailerako letxugak, lekak, kalabazinak…». Eta mezu erantsian Gernikako Allende Salazar eskolako iraileko jantokiko menua.
Hurrengo ikasturtea guretzat hasita dago eta. Gure letxuga –bai, uhaza, badakit–, leka eta abarrak irailera begira daude. Zuen seme-alabek, zuen bilobek irailetik aurrera jango dutena ereiten eta landatzen gabiltza baserritarrok.
Hainbat aurka dauden arren (zer inporta da zer jaten duten umeek, zer/non sortzen diren lanpostuak eta aberastasuna), pausuz pausu aurrera dihoan proiektua da eskola jantokietan bertoko jatekoa ematearena. Ah ze nobebadea bertoko umeek bertoko eskoletan bertoko jatekoa jatea eta gure zaporeak ezagutzea, bide batez baserritarron biziraupena bermatuz.
Ba aurrera doa bai, dagoeneko apostu sendoa dira Gernikako Allende eta Markinako eskola publikoak, baita Lekeitioko ikastola eta irailetik aurrera Gernikako Seber Altube ere.
Gauzak inoiz alda ezin daitezkela ematen badute ere, joan, apurka, badoaz.