
Ekainean idatzitako opor aurreko zutabean, udarako lanak hartu nituen gaitzat; hain zuzen ere italiar maisu batek bere ikasleei udako oporretarako bialdutakoak. Ez dakit zuetariko zenbatek bete dituzuen maisu horrek aginduetako batzuk. Nik denak ez, baina batzuk egin ditut.
Udarako lanak eta neska-mutilentzat ziren, baina uda osterako eta helduontzat ere baliozkoak. Agian ezin duzu goizez, noizean behin, itxasbazterrean pasiatu bakardadean. Eguzkiaren izpiek uretan duten isla begiratu, atsegin dituzun gauza eta pertsonengan pentsatu eta zoriontsu sentitu. Baina goizeko seirak pasa, gau osoa maite ez duzun lanean eman ondoren, lantegitik ateraten zarenean dagoeneko esnaturik dauden txorien kantuak entzun ditzakezu eta irrefarre egin, minutu gutxi batzuk beranduago maite dituzunak muxu batekin esnatuko dituzulako.
Oso atsegin duzun pertsonaren bat aurkitzen baduzu, zintzotasun eta alaitasunez esaiozu. Ez kezkatu erantzunaz, esaiozu. Era berean, ez begiratu albokoari etsaia izango balitz bezala. Etsaiak, etsai pertsonalak egon badaude bizitzan, baina, zorionez, ez dira asko izaten. Ez ahalegindu nahita gehiago sortzen.
Bizitza ez da kurtso edo lan-urte hasierarekin amaitu. Elkarrizketa aberasgarriak dituzten filmak gozatzen jarrai dezakezu. Eta, zergatik ez esan, alboan dituzun lagunen elkarrizketak aberasgarriak badira, askoz hobeto.
Gau eta egunez, zeure bizitza hausnartu eta amestu; zer nahi duzun, nola nahi duzun. Amets hori lortzeko indarrak batu badituzu oporraldian, ekin ametsari. Bestela lasai, lanaren, ordutegien eta abarren katean murginduta bazaude ere, beti dago amesteko eta indarrak hartzeko tartetxoren bat. Ez ahaztu; zu eta zure zirkunstantziak zara, baita zu eta zure ametsak.
Deseroso edota huts sentiarazten zaituzten egoera eta pertsonak saihestu. Maite zaituzten eta zaren bezala ulertzen zaituzten lagunak eta egoera kitzigarriak bilatu, agintzen zuen maisuak. Hau ere, urte osoan zehar aurrera eraman beharrekoa da.
Pertsona ona izan zaitez, bukatzen zuen italiarrak. Zoriontsua izan, gehituko nioke nik, merezi duzu eta.