Ezagutzen nauzuenok badakizue futbolak ez dituela nire barrenak askorik aztoratzen. Hala eta guztiz, Athletic, zu zara nagusia.
Dogma bat bezala da hau gure eskualdeetako herritar askorentzat. Bertakoa delako batetik, beste edozein tokitan bezala; bertakoekin lan egiten duelako bestetik. Horrek ematen dio xarma Athletici, harrobia deritzonaz lan egiteak, euskal neska-mutilekin. Bai, badakit beti dagoela ez dakit noren «garbitasuna» zalantzan; badakit Athletic gizonak eta Athletic emakumeak taldeek ez dutela tratamendu bera zoritxarrez; eta zalantzazkoak edo ados ez nagoen beste ezaugarri batzuk ere badituela Athleticek, futbolaren diruaren zirkoaren partaide izatearena tarteko. Baina zu zara nagusia hala eta guztiz.
Sakrilegio bat da nonork atzerritar –Euskal Herriz kanpokoa alegia– jokalariak hartzea proposatzea. Zuzen deritzot, bakoitzak duenarekin kontatu behar du. Mundura irekia, ikusiz, ikasiz, erakutsiz…baina norberaren errekurtsoekin lan egin. Portzierto, elikadura mailan ere Athletic zalea naiz, gure errekurtsoekin kontatu beharko genuke, gure lurraz eta itsasoaz. Gure ausardiaz, gure kemenaz.
Sakrilegioa Bizkaiko kirol gorenean harrobikoa ez den jendea hartzea. Aita Santua bera baino papistagoak gara. Eta seguru nago oraingoari Athletic ere gustatzen zaiola, futbolzalea da eta.
Baina gure talde gorenenetik beherako gainontzekoak zer? Kirol talde bat duen herri txikienak ere, izan futbol, saski, txirrindu, arraun edo beste edozein, desiatzen ari da diru laguntzak jasotzea hobeak diren atzerritar jokalariak hartzeko. Ez dut ulertzen kirol talde horietariko zuzendaritzetako kideak edo zaletuak hain Athleticaren berezitasun horren zale izan, batzuk amorratuak gainera, eta beraien taldeetan lasai asko erabakitzen dute kanpoko errekurtsoekin kontatzea emaitza hobetzeko. Athleticek ere beharbada emaitza hobeak lortuko lituzke atzerritar jokalariekin.
Athleticen atzerritarrak hartu hala ez eztabaida aspaldi moteldu zen, ez al da sasoia gainontzeko talde txikietan egoera aldatzeko proposamenak lantzeko eta hor ere harrobiekin moldatzeko?
Athetic, zu zara gorena, baina azpian nonor al dago?