Ahul birusaren aurrean
Kutsatzen direnen artean gehiengoak sintoma arinekin eramaten du gaixotasuna. Gutxi batzuk ospitaleratu behar izaten dira, eta gorputzak defentsarik ez badu, ZIUn amaitu edo hil egiten dira. Nortzuk dira ospitaleratu eta larri pasatu edo hiltzen direnak? Birusaren aurrean gorputza ahul eta babes barik dutenak. Heriotza da pasarterik larriena, bai, baina gaixotasunak sortzen dituen bestelako efektuak ere hor daude. Ez da askorik berba egiten honetaz, baina birusak bestelakoak izan ahal diren albo ondorioak ere sortzen ditu. Beldurra da emoziorik bortitzena, baina zelan kontrolatu segurtasunik antzeman ezean?
Institutu publikoan klaseak ematen, ezin dugu gomendatzen den distantziarik mantendu, arazoak ditugu gure gelak aireztatzeko (leihoak goitik baino zabaltzen ez direlako) eta 20-30 ikasle izan ahal direnak, sei edo zazpi orduz egoten dira gela barruan. Leku itxietan dago kutsatze ahalmen handiena, eta edonor egon ahal da arriskuan gorputzak zelan erantzungo duen jakiterik ez dagoelako.
Beste urteekin alderatuz ez da baliabide gehiago erabili. Ez da irakasle edo langile berriekin ezer indartu. Ikastetxeak ez daude prestatuta pandemia egoerari aurre egiteko, eta ezinezkoa da espazio zabalagoak edo irekiagoak sortzea. Ikastetxeko oinarrizko jardunak berdin jarraitzen du, baina orain, pandemia barruan gaude, ez da beste urteak bezala, aurtengoa ikasturte desberdina da. Eta ikasturte hasieran egoera honi aurre egiteko ez da garrantzizkoa indartu. Zuzendaritzek ahal duten guztia egin arren, birusari aurre egiteko hutsune gehiegi dago, irtenbide posibleak zentroen gainetik baitaude.
Erabakiak hartu behar dituztenek albora begiratu eta sistemaren iraupena babestuz jokatzen dute. Osasun arazoa dena, arazo ekonomiko bihurtzen dute, sistemaren edozein hutsune ekonomian dagoelako oinarrituta. Bideratuta dauden arauak jarraituz, ahulak babes barik aurkitzen dira. Aditu bakarrak diren mediku eta zientzialariek gomendatzen dutena ez da praktikan jartzen eta edozein krisi edo egoera larriren aurrean gertatzen den bezala, ahulak efektu kolateral eta estatistikarako zenbaki bihurtzen dira. Ideia hori bizitzen ari gara momentu honetan hain zuzen ere.
Gobernatzen dutenentzat lehentasunak zeintzuk diren da eztabaida, zer den garrantzitsuena da galdera, bizitza-heriotzaz hitz egiten ari garelako. Publikoa dena ez da babesten lehentasunak interes pribatura daudelako gidatuta. Ekonomia jardun pribatuan oinarritzen delako. Osasun eta hezkuntza zerbitzuak ez dira baliabideekin babesten, eta daudenak nahierara kudeatzen dira.
Ezintasuna zeharka igarotzen zaio ahula denari. Boteretik kanpo egonik, ideiak azaleratzea baino ez daukagu.