AGUR T’ERDI
Bariku eta bizitza on guztiori. Zer moduz? Gorroto dut «Urte berri on» esatea eta, beste esamolderen bat bilatzearen beharrizana sentitu dut hasierarako. Bide batez, hamentxe doa HITZAko zutabegile legez nire 22. idatzia, eta azkena. 2022ko martxoaren 11tik, 2025eko urtarrilaren 24ra artean. Ia-ia hiru urte, arin esaten da gero!
Irakurtzeko tartetxo bat hartu duzuenori, nire eskerrik beroenak. Niretzat idazten dut eta idatzi izan dut beti, baina ederra da beste aldean norbait irakurtzen dagoela sentitzea, hala nahita edo kasualitatez.
Alexeri, zutabeetan bere errelebo izateko proposamenagatik. Zer kontatu banuela ikusi, pentsatu edo zer edo zelan usaindu zuelako. Eta nik eskertu. Ez naiz bere talentu eta ahalmenaren laurdenera ere heltzen idazteko orduan, baina ahalegindu bai behintzat. Ez da gutxi. Eskerrik asko, jaune. «Osasune, ogasune ta ondasune. Hirurek badire, hoba!».
Ramontxuri, irakurleen artean fidelena. Ez dakit zenbatek irakurri nauten, baina gutxi egongo dira zutabe guztiak leitu dituztenak eta are gutxiago trukean feedback-a ekarri didatenak. Busturialdeko izparringian jada ez, baina pozarren jarraituko nuke zuretzako idazten, zuk hala nahi izanez gero behintzat. Eskerrik asko, jaune. «¡Pura vida!».
Pertsonalki, idatziak publikatuko zirela jakiteak larritu beste lagundu nau. Burua estutzera eraman nau, hitz egokiak bilatzera eta (ez beti) aurkitzera, neurtzera eta zenbatzera, hausnartzera, ideiak zerrendan eta balantzan jartzera. Saiatu naiz gai desberdinak jorratzen, beti ere nire ikuspuntu eta pertsonaren galbahetik pasatuta. Noiz edo noiz lortuko nuen zuen buru zein barruetan zerbait eragitea, eta beste batzuetan ez. Lortutakoekin gelditzen naiz.
Honaino nire aldetik esan beharrekoak. Jarraitu HITZA irakurtzen, egunero ez bada, bi egunik behin. Animatu eta egin zaitez Hitzakide. Tokiko komunikabideek behar gaituzte guk eurak behar ditugun bezala. Euskaldunak, geureak, etxekoak, hurbilekoak, herrikoiak… eta hau guzti hori bada. Eskerrik asko eta agur t´erdi.