Agur eta ohore
Hamasei urte eta gero, hauxe da HITZAn nire eritzia, nire gogoetak, nire kezkak idazten ditudan azken aldia. Urte hauetan gauza asko gertatu dira eta ez nuke esango denbora honetan munduak orokorrean hobera egin duenik.
Egindako esaldia ematen du, baina ohore bat izan da urte guzti hauetan hemen idatzi ahal izatea eta hemen idatzi ahal izateko HITZAk emandako konfidantza. Luxu bat da herritik aterata eta euskaraz den egunkari batean norberaren eritzi bota ahal izatea… libreki?
Tira, ez da libreki izan. Ez dut inoiz zentsurarik izan, ez nuen espero ere izatea, baina idatzitako guztia ez da libreki idatzia izan. Edo zehatzago esanda, idatzitakoa libreki idatzi dut, baina ez dut nahi izan dudan guztia eta nahi izandako eran idatzi.
Beti dago hor autozentsura puntu bat. Ez lotsagatik, ez zer pentsatuko duzuenagatik, baizik eta gauden tokian gaudelako, gauden herrian, eta oraindik badira hamaika gauza zeinetaz ezin den libreki idatzi edo adierazi. «Errelatoa» adibidez. Hori ezin da libreki adierazi Madrileko Audientzi Nazionala bisitatu nahi ez baduzu behintzat.
Ez da egia nahi duguna eta nahi dugun eran idatz dezakegula, idatzi dugula. Batzuk, ziur, ez dute inoiz presio hori sentitu; batzuk herri honen zapalkuntza egoera sentitu ez duten bezala. Eta zilegia da. Baina edozertaz libreki idatzi edo berba egin daitekela esatea… hori tranpa egitea da.
Bilbao-Bizkaia ur partzuergoan sartzea onurak besterik ez zituela ekarriko esatea bezala eta lehen urtean eskeintzen diguten soluziobide bakarra ura itsasontziz ekarri eta garestitu. Hori ere tranpa da.
Tranpa da natura zaindu nahi dugula esan eta eukaliptoak landatu eta landatu aritzea. Moratoria bukatzen denean a zelako landaketa esprinta egongo den.
Bakoitzak gura duen hizkuntza libreki aukeratu dezala esatea tranpa den moduan. Nik euskaraz egitea aukeratu dezaket, baina ez dut norekin egin aurkituko zenbait tokitan (publiko zein pribatu) eta epaitegiek nik espainola libreki aukeratzeko eskubidea bakarrik bermatzen dute.
Eta libreki ere, ezin dut nire azken idatzi honen luzera libreki erabaki. Beraz, agur eta ohore bat izan da. Agur eta ohore zuei.