Abenduaren hirua (ez euskararena)
Bai. Badakit. Gaur abenduak bost ditu. Euskararen eguna izan zen duela bi egun. Benga. Arin pasako da, bale? Goazen. Gora gure hizkuntza eta hori guztia. Altxor bat da, maisu. Bertso bat abestuko dugu. TXANTXANGORRIA/ JATORRIA. Ospatu dezagun jai batekin: euskara putzu sakon eta ilun bat zen, taloa txorizoarekin, konpromisoa hartzen dugu euskañol ez egiteko… baina ez ahaztu, gazteok, gure arbasoek hau eta hori. 365 egun ditu euskerak eta bihar biharkoak…
Listo. Pasa da. Zer moduz? Ondo, ezta? Egin dugu zegokiguna, hezi ditugu etorkizuneko gazteak batere azaleko eta folkloristak ez diren abiapuntuetatik eta baretu zaigu kontzientzia. Baina… egon. Abenduaren hirua ez da soilik euskararena. Día de Francisco Javier, patrón de Navarra. Ai ama, nire ekintzaile senak ezin dezake hau onartu. Zeozer idatzi behar dut nafartasunaz, ideologiari buruzko txaparen bat edo. Ene bada, abenduaren hiruan gauza gehiago ere ospatzen dira. Ezin daiteke izan. Dena azaleratu beharraren fomo bat sartu zait bapatean. Delete eta hasi berriro.
Ziriak ziri, joan gaitezen harira: abenduaren hiruak badauka askok ezagutuko ez duten alde bat. Urtean zehar ikusezinak izan direnenen eguna da eta, urteak egun gutxi balitu bezala, euskararen ospakizunak itzal egiten dio nahi gabe. Askotxo dauka ironiatik: zenbaitek ez dute, ezta beraien egunean, leku bat edukitzeko aukerarik. Desgaitasuna duten pertsonen nazioarteko egunaz ari naiz.
Umetatik eduki dut nire inguruan desgaitasuna daukan lagun bat. Sarritan bistaratu izan dizkigu lotsagorritzerainoko gure gabeziak. Bizitza gogorra egiten zaigula esaten dugun bakoitzean, nago ez ote garen jende gehiegi gutxiesten ari. Gure mundu hau, desgaitasun gabekoontzat prestatuta dago espresuki. Guretzako eraiki dituzte kale ertzak, etxe barruak eta bideak. Guretzat eginak daude arropak, kirol ekipamenduak, bideo-jokoak edo autoak. Guretzat, guk geuk pentsatu ditugulako, eta guk bat ikusarazten denean, haiek bat ikusezin bilakatzen da.
Lagun honi esker ausartu izan naiz, noiz edo noiz, Interneten gaiari buruz ikastera eta zer pentsatua ematen du aferak. Desgaitasunen bat daukaten pertsonek pobrezian bizitzeko probabilitate gehiago daukate. Diskriminazio laborala eguneroko ogi bihurtu zaie: soldata urriagoak dituzte eta gehientsuenek ekonomia informalean egiten dute lan, horrek dakarren zamarekin. Segurtasun sozialeko sistemek pitzadura gehiegi dituzte eta, sarritan, desgaitasunarekin lotutako gainkostuak norbanakoaren kargu joaten dira. Babes sistema horien baitan, artatuak, etengabe menostuak sentitzen dira, duintasunari, autonomiari edo haien ekintzarako gaitasunari dagokionez. Baliteke kontzientzia sozial bateratu baten falta edukitzea gurean. Gernikatik hasi gintezke edo, are, gure auzotik, aldaketa bati bide ematen. Galdetu diezaiogun nork bere buruari ea gure inguruetako tabernen irisgarritasuna egokia den (erreformak egiten hasiz gero, gastu gehiegi litzatekeela iritzita), ea zenbaitek egunero erabiltzen dituzten pantailak ikusi edo ukitzeko erreminta nahikoa dauzkagun edo zein aurreiritzitik abiatzen garen haiei buruz hitz egitean.
Hau ez da lastimaren manifestu bat, ez nuke hala izaterik nahi. Euskararen Egunak, berak jakin gabe, baztertutako aldarrikapen honi eserlekua eskaini nahi nion besterik gabe. Ahal zen eserleku irisgarriena.
Hitz egingo dut Nafarroari buruz hurrengo urtean.