2021-2023 aldian %51,7ko laneratze tasa izan du Lanbide Ekimenak erakundeak
2021-2023 aldiko datuekin alderatuta, %5 egin du gora laneratze tasak. Datuek banakako arreta eskaintzeak "enplegua lortzeko aukerak hobetzen dituela" erakusten dutela azpimarratu dute udal ordezkariek.
Lanbide Ekimenak erakundeak bere emaitzak hobetu ditu 2023-2025 aldian. Enplegurako orientazio zerbitzuak %51,7ko laneratze tasa lortu du Busturialdean, 2021-2023 aldikoa baino ia %5 handiagoa — %47,04koa zen—.
2023-2025 aldian pertsona gutxiago artatu badituzte ere, lortutako emaitzek programaren “eraginkortasuna indartzen” duela nabarmendu dute Gernika-Lumoko Udaletik: “Hobekuntza eman da, eta horrek laguntza pertsonalizatuan eta erabiltzaile bakoitzaren beharretara egokitutako ibilbideak ezartzean oinarritutako ereduaren eraginkortasuna indartzen du”. Zerbitzuak 293 pertsona artatu ditu azken bi urteetan —aurreko aldian 339 izan ziren—, eta 609 ordu eskaini zaizkio laneko orientazio eta esku-hartzeari —aurrekoan 689 ordu—. Hala, bakarkako arretari esker erabiltzaileak lan-merkatura sartzeko aukerak “handitu” egin direla azpimarratu dute.
Laneratze bakoitzaren atzean “istorio pertsonal bat eta laguntza prozesu bat” daudela gogoratu du Jon Lejarraga Garapen Ekonomikorako zinegotziak: “Emautza horiek erakusten dute banakako arreta eskaintzeak enplegua lortzeko aukerak hobetzen dituela, eta Busturialdeko garapen ekonomiko eta sozialean ere laguntzen duela”.
Lan-merkatuaren errealitatea. Nabarmendu dutenez, zerbitzuak artatu dituen pertsonek profilak “eskualdeko lan-merkatuaren errealitatea islatzen” du: artatutako pertsonen %64,2 —188— emakumeak izan ziren eta horien %34 —115 emakume—, 45 urtetik gorakoak. Halaber, programan 101 etorkinek parte hartu dutela zehaztu dute, parte hartzaile guztien %34.
Parte hartzaile guztiek beraien egoera pertsonal eta profesionalera egokitutako laguntza jaso dute: hasierako diagnostikoa egin ostean, lan talde teknikoak bakoitzarentzat bide pertsonalizatu bat prestatu du, lan-orientazioa, lana bilatzeko tresnen hobekuntza, prestakuntza-saioetara bideratzea, bitartekaritza eta laneratze prozesuaren jarraipena barne hartzen dituena: “Zerbitzuak unean uneko beharrei ere erantzuten die, hala nola curriculama egiten edo eguneratzeari, enplegu atarian izena emateari, hautagaitzak kudeatzeari edota eskaintzak bilatzeari”.