Eskualdeko dantzari txikien topagunea
Eskualdeko 250 dantzari bildu ziren atzo (ekainak 21) Bermeon. 38. Busturialdeko Dantzari Txikien Egunean, Alkartasuna Dantza Taldearen ibilbidea omendu eta "ilusioz eta energiaz" beteriko saioa eskaini zuten eskualdeko dantzari txikiek.
Busturialdeko Dantzari Txiki Eguna, Bermeon.Txebi Arriaga Euskal dantzek badute etorkizuna. Argi adierazi zuten atzo (ekainak 21) Busturialdeko dantzari txikiek Bermeon. 38. Busturialdeko Dantzari Txiki Egunean elkartu ziren kostako herrian, eta beraien trebetasuna erakutsi zuten, beroari ere aurre eginez. Izan ere, eguraldi beroari aurre egiteko, ekitaldia Lameratik Artza frontoira lekualdatu zuten, “dantzari txikiek ahalik eta baldintza onenetan” gozatu ahal izan dezaten.
Denetara, Busturialdeko zortzi dantza taldetako —Alkartasuna Dantza Taldea (Bermeo), Itxas Alde (Bakio), Irrintzi Alai (Busturia), Urdaibai (Foru), Elai Alai (Gernika-Lumo), Baso-Txoritxu (Ibarruri), Lorea (Ibarrangelu) eta Artie (Gautegiz Arteaga)— 250 dantzari gaztek parte hartu zuten, bertaratu ziren guztiei euskal dantzen aberastasuna erakutsiz, “ilusioz eta energiaz” beteriko saioan. Izan ere, asko izan ziren dantzatutako dantzak; besteren artean, Dantzari Dantza, umeen jolas dantzak, Txulalai, Sardinerak, Markinako Zaragi Dantzak, Ziekoko dantzak, Txantxoak eta Makil Txikiak, Gorulariak eta Domingillo.

Alkartasuna Dantza Taldeko dantzariak Bermeon, Busturialdeko Dantzari Txiki Egunean.Alkartasuna Dantza Taldea
Atzokoa, baina, berezia izan zen Alkartasuna Dantza Taldearentzat, beraien 50. urteurrena ospatzen ari baitira, eta beraien mende erdiko ibilbidea omendu baitzuten atzo. Hala, maiatzaren 17an Bizkaiko Dantzari Egunara ospatu ostean, eskualdeko dantzari txikienak batu zituzten, eta txikien jaiaz harago, Busturialdeko Dantzari Eguna ere herrian ospatuko dute, azaroaren 7an. Beraz, urteurrenaren ospakizunetan, “ehunka eta ehunka dantzariren topaleku” izaten ari da Bermeo, eskualdeko dantza tradizioaren aberastasuna plazaratuz.
Argazkiak: Txebi Arriaga.