Gernika-Lumoko Udalaren "gardentasun eza" salatu du
Informazioa eskuratzeko Euskal Batzordean eta arartekoan Gernika-Lumoko Udalaren "gardentasun eza" salatu du LABek, "informazio publikoa eskuratzeko eskubidea urratu dela ulertuta" eta udalaren jokabidea "administrazio onaren, gardentasunaren eta herritar zein langileen ordezkariei erantzuteko betebeharren aurkakoa" dela iritzita.
LAB sindikatuak jakinarazi du, azken urtean, “behin eta berriz” eskatu diotela Gernika-Lumoko Udalari langileen arloko hainbat gairi buruzko informazioa, eta udalak iazko uztailetik aurrera sindikatuak aurkeztutako idatziei ez diela erantzun. Ondorioz, sindikatu abertzaleak bi bide instituzional abiatu ditu: batetik, erreklamazioa aurkeztu du Informazio Publikoa Eskuratzeko Euskal Batzordean, “informazio publikoa eskuratzeko eskubidea urratu dela ulertuta”; bestetik, kexa bat aurkeztu du Arartekoaren aurrean, udalaren jokabidea “administrazio onaren, gardentasunaren eta herritar zein langileen ordezkariei erantzuteko betebeharren aurkakoa” dela iritzita.
“Ez da eskaera bakar bati buruzko arazoa. Hilabeteetan zehar mantendu den jokabide baten aurrean gaude”, azaldu dute sindikatukoek. Eta, jakinarazi dute eskatutako informazioa kontratazioei, lan poltsen erabilerari, lanpotuen estaldurari, funtzio aldaketei edota giza baliabideen antolaketari buruzkoa izan dela.
Gainera, LABek gogoratu du edozein herritarrek duela administrazio publikoei informazioa eskatzeko eskubidea, eta, administrazioek, berriz, legez ezarritako epeetan eta moduan erantzuteko betebeharra: “Gardentasuna eta administrazio ona ez dira aukera hutsa, administrazio publiko guztien oinarrizko betebeharra dira”.
Hori dela eta, sindikatuari “oso larria” iruditu zaio eskubidea sindikatu bati ukatzea, ordezkari sindikalek ez baitute informazioa “interes pertsonalagatik eskatzen”, langileen interesak defendatzeko, administrazioaren jarduera kontrolatzeko eta kontratazio, lan poltsa eta giza baliabideen kudeaketa “legezkotasunez eta gardentasunez” egiten direla bermatzeko baizik. “Ordezkaritza sindikalari informazioa ukatzeak, azken batean, informaziorako eskubideari, sindikatu lana berme guztiekin egin ahal izateko eskubideari eta lantalde osoaren ordezkaritza eraginkorrari eragiten die”, gehitu dute.
LAB sindikatuaren ustez, administrazio publiko batek “ezin ditu” sindikatu batek aurkeztutako informazio eskaerak sistematikoki erantzunik barik utzi: “Jokabide horrek gardentasun printzipioaren aurka egiten du, eta langileen ordezkarien kontrol lana oztopatzen du”.
Hala ere, sindikatukoek esan dute beraiek lanean segituko dutela udalaren jarduera “gardena” izan dadin, informazioa eskuratzeko eskubidea errespetatu dadin eta beraien ordezkaritza lana behar duten berme guztiekin gauzatu ahal izan dezaten. Era berean, “beharrezkoak” diren bide guztiak erabiliko dituztela esan dute, “beraien eginkizunak benetan betetzeko duen eskubidea eta administrazio publikoaren gardentasuna defendatzeko”.