Izaro Sub klubaren deialdiari erantzunez, 150 kilo inguru hondakin bildu dituzte
Bermeotarrak zapatuan, portuan.Izaro Sub Ingurumenaren Nazioarteko Eguna izan zen barikua [ekainak 5], eta gaur [ekainak 8], berriz, Ozeanoen Nazioarteko Eguna ospatzen da. Testuinguru horretan egin dute ozeanoen eta itsasoko biodibertsitatearen ikerketan eta babesean jarduten duen Oceánidas gobernuz kanpoko erakundeak bultzatutako Red de Vigilantes Marinos ekimena, eta horrekin bat egin du Bermeoko Izaro Sub klubak.
Bermeotarrek “garbiketa handia” deitu zuten zapaturako [ekainak 6], eta jendearen “erantzuna ona” izan da. Horri esker, 150 kilo inguru hondakin batzea lortu zuten. Itsasoan eta itsasbazterrean “denetarikoa” aurkitu zuten: “Martillo ingurua eta Talape azpiko hondartza garbitzen ibili ginen hogei urpekari eta hamar bat pertsona oinez, eta hiru piraguatan ibili ziren eta beste bi paddlegaz”. Latak, kristalezko botilak, sareak, arrantzako aparailuak, kono batzuk, metalezko barandak, automobil baten bateria, gurpilak, arropak, zigarrokinak, metxeroak, tabako paketeak, goxoki-poltsak… bildu zituzten.
Klubaren ordezkarien hitzetan, “aurreko aldietan baino jende gehiago” elkartu dira oraingoan, eta hori igarri dute. Era berean, ingurumena zaintzearen eta kontzientziazio lanaren garrantzia azpimarratu dituzte: “Urteroko ekintza honegaz pozik geratu gara. Jende gehiago egon garela igarri da; zenbat eta jende gehiago, hondakin gehiago batzen da. Gure aldetik honelako ekintzak egiten eta bultzatzen jarraituko dugu, eta ea jendea honi buruz kontzientziatzen den. Itsasoa eta itsasbazterra zaindu behar direla konturatu behar dira herritarrak”.
Itsasoaren ahotsa entzuten. Red de Vigilantes Marinos proiektuak aisialdiko urpekaritza gustuko duten eta beraien kirol-jarduera itsas ingurunearen kontserbazioagaz, babesagaz, dibulgazioagaz eta ikerketagaz bateratzen duten “40 klub eta zentrotik gora” elkartu ditu oraingoan. “Itsasoaren ahotsa entzutea” eskatu eta aldarrikatu dute, eta ingurumenaren zaintzagaz lotutako deialdia elkartasun olatu bihurtuko dute. Izan ere, hondakinak pisatu, sailkatu eta erregistratu ostean, “jasotako kilo bakoitza elikagai kilo bihurtuko dute, zaurgarritasun egoeran dauden familiei laguntzeko”.

Askotariko hondakinak batu zituzten.Izaro Sub