Esanarekin jolasteko oholtza
Kalean abiatu dute aurtengo 36. Eskolarteko Antzerki Astea, ekimenari duen garrantzia eman eta herriko ikastetxe desberdinetako ikasleen lanak ikusarazteko helburuz.
Txoria bazina bezala sentitzea, denboraren makinan sartu eta urteetan aurrera eta atzera egitea, mitoa dena errealitateagaz nahastea, ikusten ez dena azaleratzea, barne emozioak ikusaraztea… asko dira antzerkiak transmititzen dituen emozioak, eszenak, errealitateak. Denetariko istorioak kontatu daitezke antzerkiaren bidez, eta denetariko kontakizunen agerleku izan da, urte luzez, Gernika-Lumoko Antzerki Astea.
Aurten 36. aldiz ari dira ikasleak oholtzara igotzen. Dagoeneko hiru hamarkada baino gehiago dira proiektua martxan jarri zenetik igarotakoak, eta hasierako urteetan antzezle zirenak, oraingo antzezleen guraso dira. Horrelako lorpen bati daukan garrantzia eta ikusgarritasuna emate aldera, izena jarri diote Gernika-Lumoko Udaleko Euskara Zerbitzuak Udal Eskola Kontseiluarekin elkarlean: Esanas bat!. «Azken urteetan, Oihane Enbeita ikastetxe desberdinetan ari da tailerrak ematen, eta izen bat behar zuela esan zigun, nortasuna emateko Antzerki Asteari. Baina, zelan egin hori? Zelan ikusarazi? Hori lantzen genbiltzala, antzerki asteak izana baduela baina izena behar duela berretsi genuen. Eta, izena emate horretan, Esanas bat! aukeratu genuen».

«Esanaz bat» esamoldeak esan eta jarraian datorrena adierazten du, ekintza, alegia. Eta ekintza hori da antzerkiaren oinarria: bat-batekotasuna, prozesuaren adierazgarria dena. «Noski, -z beharrean -s batekin idazteak ere badu zentzua; ikasketa prozesuaren adierazgarria baita hori», arrazoitu dute antolatzaileek. Eta izen horri lotuta, irudi berria ere prestatu behar zela pentsatu zuten; hori Biklik Komunikazio enpresagaz elkarlanean egin dute. Irudiaren bidez, esana antzerkiagaz lotzea bilatu dute: «Izana bazeukan, izena jarri genion eta irudiarekin jantzi dugu, hurrengo urteetarako balioko duen irudi batekin».

Izen eta irudi berriaren helburua argia da: antzerki astea gizarteratzea eta horri lekua ematea. Izan ere, asko dira ekimen honen bitartez udalerriko ikastetxeetako ikasleek lantzen dituzten kontzeptuak, hizkuntzaren erabilerarekin lotutakoak: adierazkortasuna, euskararen erabilera ez-formala, eta abar. «Hasieratik eman diogu garrantzia ahozkotasunari, baina gaur egun mahaigainean jarraitzen duen gaia da. Ikasle euskaldunak hezten ditugula diogu, baina trebezian hutsunea dagoela ere bai. Eta, antzerkia, trebezia hori lortzeko bidean, ahozkotasuna lantzeko bidean, tresna paregabea da. Gainera, hizkera ez formala lantzeko aukera ederra eskaintzen du. Beti izan da garrantzitsua hizkera ez formala lantzea, baina orain inoiz baino garrantzitsuago bihurtzen ari da, eta, Antzerki Asteak bi arlo horiek uztartzen eta indartzen ditu».

Antzerkia, kalera
Horrez gain, antolatzaileak ohartu ziren herritar askok ez zekiela Antzerki Asteari buruz, eta horri ikusgarritasuna emateko asmoz, kalera atera dute aurten. «Eskolarteko Antzerki Asteak eskolentzako jarduera izan behar zuen, eta hori mantentzea erabaki genuen. Baina kalera ateratzeko asmotan, hasiera eta amaiera kalean egitea erabaki genuen, ikasleak protagonista diren astea herritarrei hurreratzeko», diote.
Beraz, inaugurazioa Merkurio inguruan egin zuten, haur eta gaztetxoen lanari lekua aitortuz. Izan ere, aurkezpen antzeztua izan zen herriko ikastetxe desberdinetako ikaslez osatutako taldetxo batek, Oihane Enbeitaren gidaritzapean eta Amaia Fuentesen eta Segundo Olaeta Musika Eskolako bi ikasleren —Alaia Piercey eta Nahia Guarrotxena— musikarekin lagunduta, egin zuena: «Aurkezpen antzeztu horretarako, urtarriletik maiatzera bitartean, ikastetxe desberdinetako ikasleekin osatutako talde bat egon da ikastaro bat egiten, tailer modura, astean behin elkartuz. Hor landutakoagaz aurkeztu zuten Antzerki Astea joan den asteburuan».

Ondorengo emanaldiak, ohiko bideari jarraituz egiten ari dira Lizeo Antzokian, goizez ikasleei zuzenduta, eta arratsaldez ikastetxeetako familientzat. Bertatik igarotzen ari dira Urretxindorra herri eskolako, Barrutia herri eskolako, Seber Altube Ikastolako, Mertzede Ikastetxeko, Barrutialde BHIko, Allende Salazarreko eta San Fidel Ikastolako ikasleak, antzezle zein antzerkizale modura. «Zentro bakoitzak berak prestatzen du bere ikuskizuna, bakoitzak bere eran, eta adinaren arabera joaten dira ikusleak». Hala, bi asteak kontutan izanda, Antzerki Asteak 1.485 ikasle bueltan hartzen ditu. Horri, arratsaldeko saioetara bertaratzen diren ikusle kopurua gehituz gero, gutxi gorabehera, beste 1.500 lagunen aterpe da Lizeo Antzokia. «Datu horiek ikusita, behar zuen lekua eman gura genion egitasmo honi», diote arduradunek, eta hala egin dute.

Gainera, abiatu bezala amaituko dute: kalean. Martxoaren 31n agurtuko dute aurtengo antzerki astea, publiko orokorrari zuzendutako kale antzerki bategaz: Panoli Kabareta ikusteko aukera egongo da, Merkurio inguruan, 13:00etan.
Antzerki Astea, beraz, nabarmentzeko hitzordu bilakatu dute Gernika-Lumoko Udaleko Euskara Zerbitzuak, hezkuntza arloak eta kultur etxeak. Eta, aurten, egitasmoari bultzada hori emateko, aurrekontua indartu dute: orain arte 8.000 euroko aurrekontua erabiltzen bazuten, aurten 12.000 eurokoa izan dute.
Ekarpen horri esker, izana zeukanari irudia eta izena jartzea lortu dute, baita ikasleek taularatzen dituzten obrei lekua ematea eta ikasleek egiten duten ahalegina aitortzea ere.
